Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) euskara sustatzeko diru funtsen aurtengo banaketa ezagutarazi eta biharamunean, kopuru hori %50 emendatu behar dela jakinarazi du Euskal Konfederazioak. Hainbat eremutan euskararen alde lan egiten ari diren herri mugimenduen beharrak kontuan hartu behar direla ohartarazi du. Azken urteotan egitura horiek garapen handia ukan dute, eta horien lanaren isla dira, Euskal Konfederazioaren iritziz, V. Inkesta Soziolinguistikoan nabari diren urratsak.
Ipar Euskal Herrian hizkuntza politikarako «leihatila bakarra» plantan ezarri zenetik, baliabide publiko guztiak hark bideratzen ditu. Tresna hori «azpidimentsionatuta» dagoen bitartean muga bat izanen dela ziurtatu du Euskal Konfederazioak. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzen harira, nabarmendu du egungo diru funtsak ez diela erantzuten gaurko beharrei eta oraindik gutxiago etorkizunean sortuko direnei. «Azken hamarkadetan frogatu den bezala, euskalgintzaren eginkizuna funtsezkoa da euskararen berreskurapen prozesuan; heldu den urtean diru funtsa ez bada %50 emendatzen, bederen, euskalgintzako egitura batzuk edo hizkuntza politikaren atal batzuk arrisku gorrian egonen dira».
V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzei dagokienez, xehetasunetan sartu gabe, Euskal Konfederazioak elementu baikorrak nabarmendu nahi izan ditu; bertzeak bertze, belaunaldi gazteen artean izaten ari den bilakaera eta familien barruko euskararen transmisioaren emendatzea. Ez ditu ahantzi, hala ere, agerian diren puntu ezkorrak, hala nola biztanleriaren %21,4 baino ez dela elebiduna eta kopuru hori biziki apala dela euskararen berreskurapenari begira. Gisa berean, behera egin du euskararen erabilpenak euskaraz dakitenen artean.
Errealitate gordina
«Datu polit baten gibelean gordetzen badira (186.000 elebidun gehiago), argi uzten dute zer-nolako eraginak dituen haien hizkuntza politikak; hiru administrazioen artean, EEPk ditu emaitza txarrenak biltzen», erran du Batasunak, inkesta soziolinguistikoari buruzko balorazioa eginez. Euskal Herri osoan euskaldunen kopuruak gora egin arren, gehiengoak (%58,9) erdaldun elebakarrak dira. Ipar Euskal Herrian, erdaldun elebakarren kopurua gora eta euskararen erabilpena behera doala ohartarazi du Batasunak. «Euskara oraindik desagertzeko zorian dela erakusten dute emaitza horiek, eta, beraz, Nafarroako Gobernuak, EEPk eta Jaurlaritzak daramatzaten hizkuntza politikek euskararen kontra egiten dutela nabaritzen da», erran du Batasunak. Borondate hutsean oinarritzen den hizkuntza politikak ez duela gerorik gaineratu du.
Euskararen funtsa %50 emendatzea galdegin dute
Euskal Konfederazioan biltzen diren eragileek erran dute baliabide gehiago behar dituztela lana bermatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu