"Euskararen inposizioa" amaituko duela dio PPk

Aurretik PSE-EEk egin bezala, Alderdi Popularrak ere bideo bat plazaratu du: "injustutzat" jo du lanpostu publikoetarako egiten den euskara eskakizuna.

PPren bideoko irudi bat. BERRIA
2016ko irailaren 15a
11:10
Entzun

"Bidezkoa da lanpostu publiko batera aurkeztu ezin izatea euskalduna ez izateagatik? Eta zure lanpostua galdu ahal izatea euskaraz ez dakizulako?". Horrela hasten da Alderdi Popularrak "euskararen inposizioa" salatzeko kaleratu berri duen bideoa.

Bertan, aurretik PSE-EEk egin zuen bezala, "injustutzat" jotzen dute hizkuntz eskakizuna, argudiatuta "nazionalistek" ezarritako eskakizunak "mugatu" egiten dituela lana lortzeko herritar askok dituzten aukerak, eta baita "zerbitzu hoberena jasotzeko erabiltzaileen eskubidea" ere.

Iñaki Oiartzabalek bere Twitter kontuan zabaldutako bideoak, gainera, nabarmentzen du politika horietan "milaka milioi xahutu" ostean ez dela lortu "euskararen erabilera bultzatzea".

Hala, hitza ematen du, hauteskundeak irabaziz gero, araudia aldatuko dutela "inor ez dadin baztertua izan euskaraz ez egiteagatik, eta euskara ez dadin inorentzako muga izan", eta iragartzen du ez dela beharrezkoa izango euskaraz egitea "jendaurrerako ez diren lanpostuetarako". Azkenik, nabarmentzen du lehentasuna emango diotela "kalitateari" hizkuntz eskakizunen aurrean.

Bigarrena

Oso antzeko bideoa zabaldu du aste honetan bertan PSE-EEk, administraziorako lanpostuetan eskatzen diren hizkuntz eskakizunak salatuz. Han, musika tragiko batez lagunduta, bideoan ikus daiteke nola herritar bati ezer esan aurretik ez dioten uzten sartzen, adibidez, taberna batean. Tabernariak eskua luzatu eta gerarazi egiten du, atarian, eta joateko eskatzen dio, hatz erakuslearekin bidea erakutsiz. Berdin gertatzen zaio beste hainbat tokitan ere.

Azkenean, Idoia Mendiaren ahotsa entzuten da esanez, euskaraz ez jakiteagatik sartzen ez uztea ez dela inon gertatzen, "inon, administrazioan izan ezik". Bideoak salaketa andana eragin ditu.

[youtube]https://youtu.be/eSzSinw-5VE[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.