Ustez, erakunde zibilek antolatu dute ekainaren 2ko euskararen aurkako manifestazioa, hala nola Doble 12 kultura plataformak eta Berriozar-Vecinos de Paz elkarteak. Hala ere, eskuineko alderdiek, UPNk eta PPk, berehala babestu dute deialdia, eta hats politiko guztia emateko gertu daude, gainera.
Diario de Noticias egunkariak gaur kaleratu duenez, UPNk eta PPk ordezkaritza duten Nafarroako 80 udaletan mozioak aurkeztu dituzte, udalei manifestazio horretara joateko autobusak finantzatzeko eskatuz. Berez, UPNk berak ohar bidez jakinarazi zuen mozio horiek aurkeztuko zituela, baina bertan ez zuen zehazten eduki osoa. Egunkariaren arabera, aurkeztutako mozioaren hirugarren puntuak galdegiten die udalei "bizilagunak finantzatzeko konpromisoa hartzea, trafiko masiboa saihesteko eta istripu arriskua saihesteko".
"Ez dugu inongo fobiarik"
Mozioak manifestazioarekin bat egiteko deia egiten du. Gainera, adierazten dute ez dutela euskararekiko "inongo fobiarik" —horren berri ematen duen oharra gazteleraz idatzita dago, eta euskara vascuence gisa izendatzen dute—. "Irmo sinesten dugu gure kulturaren parte dela. Ez genuke onartuko euskaldunak inongo lege, lan edo gizarte arloko bazterkeriarik jasatea", dio mozioak. Alta, era berean, zehazten dute ez daudela prest, "gehiengo elebakarra duen gizarte ireki eta demokratiko batean, euskara bihur dadin ezinbesteko baldintza laguntza publikoak jasotzeko".
Euskararen aldeko mozioak
Geroa Baik UPNk eta PPk gobernuaren hizkuntza politikaren kontra egin dituzten salaketei erantzungo die, eta euskararen eta nafarren hizkuntza eskubideen aldeko mozioa aurkeztuko du Nafarroako udaletxeetan. Geroa Baik "Nafarroako herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuko dituzten hizkuntza politikak sustatzen jarraitzera" deitzen duen testua defendatuko du.
Geroa Bairen adierazpenak jasotzen duenez, udaletxeen eta Nafarroako gobernuaren hizkuntza politikak "euskararen normalizazioa" izan behar du ardatz, betiere, "era progresiboan" ezarrita eta "egoera soziolinguistiko bakoitzaren errealitatera" moldatuta. Horrez gain, arau babes egokia izan behar du "hizkuntza eskubideen gauzapenean aurrerapausoak emateko" eta herritarrei "askatasuna eta borondatezko aukera" bermatzeko.
Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentariaren esanetan, Nafarroan ez da posible hizkuntza politika "justua" garatzea euskararik gabe, "eta are gutxiago euskararen kontra". Salatu duenez, zenbait alderdi politikok gezurretan oinarritu dituzte gobernuaren politiken kontrako kritikak, eta gogorarazi du Eusararen Foru Legeak jasotzen duenez, nafar guztiek dutela euskara eta gaztelera ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea".
Martinezek nabarmendu du Europako Hizkuntza Gutxituen Kartaren arabera, hizkuntza gutxituen aldeko neurriak ez direla hartuko hizkuntza hedatuagoen hiztunen diskriminazio neurri gisa. Ildo horretan, defendatu egin du Nafarroako gobernuak administrazio postuetarako ezarri dituen euskara eskakizun irizpideak, eta ukatu egin du baztertzaileak direnik. Martinezek ohartarazi duenez, bateraezina da euskaraz hitz egiteko eskubidea bermatzea euskaraz artatzeko gai ez den administrazio batekin. Azaldu duenez, Euskararen legea onartu zenetik 30 urtera, administrazio postuen %1ak du soilik euskara eskakizun mailaren bat.
Nafarroako gobernuak ezarri dituen aldaketetan, haintzat hartu dira lanpostuen izaera —herritarrak zuzenean artatzeko ardura duen ala ez— eta tokian tokiko errealitate soziolinguistikoa, Martinezek adierazi duenez. Halaber, euskara eremu ez euskaldunean meritu gisa baloratzeko aukera txertatu da. Martinezek nabarmendu du orain arte "kontraesan" bat gertatzen ari zela, alemaniera eta frantsesa baloratzen zirelako, "Nafarroaren berezko hizkuntzetako bat" baloratzen ez zen arren.