25 urte beteko dira hurrengo ostegunean Nafarroako Euskararen Legea onartu zenetik. Baina urteurrena protesta egun bilakatu nahi du Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak, eta mobilizazioak antolatu ditu egun horretarako Nafarroako 20 herritan.
Elkartearen ustez, «menderatzailea» da legea, eta euskaldunen hizkuntza eskubideen lurraldearen araberako zatiketak «bigarren mailako hiritar» bilakatzen ditu euskal hiztunak. Burujabetza linguistikoa da bidea, haien hitzetan, eta hori da egingo diren elkarretaratzeen leloarekin aldarrikatuko dutena: Euskaraz bizi nahi dugulako, hizkuntza politika burujabea!.
Argia bezain iluna da Euskal Herrian Euskaraz-eko kideen diagnosia: «Zapalkuntza» eta «asimilazio» tresna bat izan da Euskararen Legea. «Euskararen normalizazioa erdiestea baino gehiago, berau ekiditea izan du xede».
Negatiboa da, zinez, legearen mende laurdenaz egiten duten balantzea. Euskaldunen eskubideak lurraldeka zatitzen dituela egozten diote, eta Nafarroako hizkuntza politika «etnozida» dela salatzen dute. Euskaldunak bazterketara kondenatzen dituela, eta euskalgintza ekonomia aldetik ito nahi duela. Laguntza beharrean, oztopo izan dela, funtsean. Erantzun argia eman nahi diote, horregatik, gobernuari: «Euskaraz bizitzeko hautua egin dugu,eta Vascuencearen legeak eta hark atzean duen guztiak ez digu horretarako bide ematen. Hemen gaude!».
Legearen «aldaketa osoa» eskatzen dute. «Errotik» irauli behar da hizkuntza politika, EHEko kideen esanetan. Ofiziala behar du euskarak Euskal Herri osoan, eta Euskal Herrian erabakia. «Euskarak, bizirik iraungo badu, lehentasuna izan beharko du bere herrian, eta hori ofizialtasunaren eta kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabearen bidetik baino ez da etorriko», adierazi dute.
Herriz herriko protesta
1986ko abenduaren 15ean onartu zuen Nafarroako Parlamentuak Euskararen Legea, eta, besteak beste, hiru eremutan banatzen du Nafarroa: eremu euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna. Eremu ez-euskaldunean euskara ez da ofiziala, eta, esate baterako, ikasleek ez dute euskaraz ikasteko eskubiderik.
Legearen aurkako protesta kanpaina zabalago baten barruan daude datorren astean herriz herri egingo diren elkarretaratzeak. Beste bi ekintza egin dituzte azken hilabeteotan. Nafarroako Parlamentu aurrera eraman zuten euskararen legearen aurkako protesta Azaroaren 10ean, eta Nafarroako Gobernuak euskarari buruzko erabakiak kudeatzeko sortutako Euskarabidea erakundera, azaroaren 24an. Itxi egin zuten haren egoitza ordukoan. Herriz herri zabaldu nahi dute orain aldarria.
Ipar eta Hego, Ekialde eta Mendebalde, Nafarroa osoko herritan antolatu dituzte elkarretaratzeak Euskal Herrian Euskaraz-eko kideek. 20 izango dira, guztira. 19:00etatik 20:00etarako tartean izango dira ekitaldi guztiak.
Euskararen Legearen aurkako protestak egingo ditu EHEk 20 herritan
Hizkuntza politika «burujabea» aldarrikatuko dute, legearen 25. urteurrenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu