euskara

Euskararen ofizialtasuna aldarrikatuko dute hilaren 31n Baionan

Horrekin batera, Frantziari eskatuko diote Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berretsi dezala. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak antolatu dute manifestazioa. 17:00etan abiatuko da, Xaho kaitik.

2012ko martxoaren 22a
16:36
Entzun

Ipar Euskal Herrian euskara hizkuntza ofiziala izan dadila eskatuko dute martxoaren 31n Baionan, Gure hizkuntzak, eskubide bat, lege bat lelopean. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak antolatu dute manifestazioa; 17:00etan hasiko da, Xaho kaitik. Kontseiluaren zuzendaritzak agerraldia egin du gaur, deialdiaren berri emateko eta manifestazioan parte hartzera gonbidatzeko.

"Euskara berezkoa da bere lurraldean, eta, ondorioz, ofiziala behar du izan,  bai eta lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa ere", esan du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

Ofizialtasuna eskatzeaz gain, Frantziako Estatuak Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berrets dezala aldarrikatuko dute, "euskararen gisako lurralde hizkuntzak eremu publikoan ofizialki aitortuak izan daitezen". Hizkuntzen lege egokia bozkatua eta aplikatua izatea ere eskatuko dute.

 

Egun berean Frantziako Estatuan "aitortzarik ez duten beste hizkuntzen" aldeko mobilizazioak ere izango direla gogorarazi dute. Kemperren, Perpinyan, Aiacciun, Tolosan eta Estrasburgon egingo dituzte mobilizazio horiek.

"Frantziako Estatuak mendeetan lurralde hizkuntzen kontrako politika aplikatu izan du, eta gaur egun ere halaxe egiten du, nahiz eta hizkuntza horien hiztun komunitateen mobilizazioen bitartez tokian tokiko aldeko neurri edo politika batzuk abian jarri diren", azaldu du Bilbaok. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.