Bilboko nerabeek modu sinbolikoan erabiltzen dute euskara Interneteko sare sozialetan, eta gaztelania da nagusi haien artean komunikatzeko garaian. Sare sozialek komunikatzeko ematen dituzten euskarri guztietan nabarmen gailentzen da gaztelania, batean izan ezik: nerabeek euskaraz zoriontzen dituzte lagunak. Ondorio hori atera du Soziolinguistika Klusterrak, Bilboko nerabeen artean eginiko ikerketa batean. Tuenti sare soziala hautatu du klusterrak azterketarako, eta nerabeek sare sozial horretan egiten duten hizkuntza erabilera behatu du. Klusterrak kontuan izan ditu webgune horrek komunikatzeko ematen dituen esparru guztiak —soslaia, egoera, horma, argazki iruzkinak—, eta mezuen edukiak ere sailkatu ditu —agurrak, zorion mezuak, irainak, txantxak, informazioa hedatzekoak, maitasunezkoak eta bestelakoak—.
Hala, bildutako datuak etsigarriak dira; ia esparru eta eduki guztietan, gaztelaniaren presentziak txiki uzten du euskararena. Agur eta zorion mezuak albo batera utziz gero, gaztelaniazko mezuen presentziak %80 gainditzen du arlo guztietan, eta euskaraz daudenena ez da %15era iristen. Euskaraz elkar agurtzekoak %35,7 dira, eta zorion mezuak dira argi izpiak bistarazten dituen datu bakarra: %70 dira euskaraz.
Zorion eta agur mezuen datuek erakusten dute nerabeek euskara formula estandarren bidez erabiltzen dutela gehienbat eta, beraz, euskara modu sinbolikoan erabiltzen dutela, komunikaziorako tresna gisa baliatu beharrean.Asier Basurto Soziolinguistika Klusterreko kidearen arabera, zaila da hori gertatzeko arrazoiak topatzea: «Ez da erraza jakitea zergatik dagoen horrenbesteko aldea euskararen eta gaztelaniaren artean. Ikusi dugu maila sinbolikoan euskara darabiltela, eta euskaraz egiteko gaitasuna ere badutela, baina ez freskotasuna. Hori euskara ez erabiltzearen ondorio da, baina baita arrazoia ere. Ez baduzu erabiltzen, ez duzu freskotasun hori lortzen, eta ez baduzu freskotasunik, ez duzu erabiltzeko gogorik». Basurtoren iritziz, lotura dago nerabeek euskaraz egiteko eraren eta eskolan ikasi dutenaren artean: «Ikastolan baleude bezala idazten dute euskaraz; erregistro formaletan, alegia. Euskaraz irakaslearekin arituko balira bezala egiten dute, zuzen». Euskaraz zuzen egitea pozoitutako goxoki bihurtzen da halakoetan: «Zuzen egiten jakitea ongi dago, baina lagun artean hala izatea ez da seinale ona euskararentzat. Errepertorio falta erakusten dute».
Irakurketa guztia ezkorra izan ez dadin, Basurtok nahiago du agur eta zorion mezuen alde positiboari heldu: «Inork ez du gaztelaniaz zoriontzen edo agurtzen. Euskarazko formulak barneratuta dauzkate. Formula horiek orokortuta daude, baita erdaldunen artean ere. Alde positiboari begiratuta, horren bidez argi geratzen da ez diotela uko egiten euskarari». Hala ere, aitortu du ikuspuntu horrek ere ñabardurak dituela: «Praktikan ez erabiltzea euskarari aurka egitea da, nolabait».
Ez da gaitasun arazoa
Ikerketan parte hartu duten nerabe guztiek badakite euskaraz, guztiek hartzen baitute parte Kultur Kabia enpresak sustatutako Harrapazank aisialdi programan. «Kontua ez da euskaraz egiteko gaitasunik ez dutela, guk lagun taldean sartutako zirikatzailearekin primeran moldatu baitira euskaraz. Haien artean komunikatzeko, ordea, gaztelania erabili dute une oro», azaldu du Basurtok.
Nerabeen artean euskararen inguruko motibazioa eta erabilera bultzatzeko programa da Harrapazank. Kultur Kabiak eta Soziolinguistika Klusterrak elkarlanean osatu dute azterketa, eta Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Aldundiaren eta Bilboko Udalaren sostengua du. Nerabeek euskararekin duten jokabidea ikertzeaz aparte, erabileran eragitea izan da ikerketaren xedea, eta dinamizatzaile bat jarri zuten lan horretarako, nerabeekin aritu zedin. Dinamizatzaile edo zirikatzaile horrek esku hartu aurretik eta ondoren jaso dituzte datuak, eta Basurtok aitortu du hark apenas izan duela eraginik nerabeen hizkuntza ohituretan: «Ikusi dugu taldetik kanpoko norbaitek luzaroagoan esku hartu beharko lukeela taldearen ohituretan eragin ahal izateko; gazteen harremanetan barneratuta egon behar luke».
Zenbakiek diotenaz gain, hizkuntza moldeez ere ondorioak atera ditu Soziolinguistika Klusterrak. Izan ere, nerabeek euskara batua eta guztiz zuzena erabiltzen dutela ikusi du. Gaztelaniaz, aldiz, hizkera informala, lagunartekoa eta arauetatik kanpokoa darabilte, oro har. Egoera horren isla da laburduren erabilera; zirikatzailearen eraginaren ostean, ez dute euskarazko laburdura bat bera ere erregistratu. Hala ere, Basurtok nahiago du zuhur jokatu, eta datuak ez orokortu: «Aztertu dugun talde jakin horri dagozkio eskuratutako datuak. Bilbokoak dira guztiak, 12 eta 18 urte bitartekoak, eta sare sozialetan, esparru informalean egiten duten hizkuntza erabilera aztertu dugu». Dena den, sare sozialetan jasotakoa eguneroko errealitatearen isla delakoan dago Basurto, eta, beraz, argi dio adin tarte horretako gazteek Bilbon apenas erabiltzen dutela euskara.
Aldaketa
Basurtoren irudiko, azken hamarkadetan aldatu egin da euskaldunen soslaia, eta horrek azal dezake nerabeen hizkuntza erabilerari: «Testuingurua aldatu egin da. Lehen, euskaldun guztien lehen hizkuntza euskara zen; orain, berriz, euskaldun gehiago daude euskara bigarren hizkuntzatzat dutenak, lehenengotzat dutenak baino». Gainera, soslai aldaketa hori geografian ere antzematen dela uste du: «Euskaldun gehiago bizi dira hirietan, herrietan baino. Fenomeno hori guztiz berria da. Gazte euskaldunaren soslai berria dago, eta askotan ez dugu ulertzen zergatik ditugun halako datuak, iraganeko soslaiekin jokatzen dugulako».
Euskararen sarean, nekezago
Bilboko nerabeek sare sozialetan euskaraz zenbateraino egiten duten aztertu du Soziolinguistika KlusterrakSoilik agurtzeko eta zoriontzeko formuletan da orokorra euskararen erabilera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu