Euskara. EHEren manifestazioa

Euskararen sasiak zapaltzera

Milaka euskaltzalek hartu dute parte EHEk Donostian antolatutako manifestazioan; euskararen aldeko hautua egitera deitu duteEuskara «menpeko hizkuntza» dela iritzita, egoera hori irauli beharra nabarmendu dute

Milaka eta milaka euskaltzale, atzo, Donostian, «Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe» dioen pankartaren atzetik. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Sasi arteko lana agertzen dela argitara, hala dio esaerak. Zozoa ere abila da horretan: sasi artean egon isilean, eta zalaparta batean ateratzen argitara. Euskaldunei egin diete dei hori: koraje egin, eta sasien gainetik ateratzera, euskaldun direla harro esatera. Milaka euskaltzalek egin zuten aldarri horrekin bat atzo Donostian, EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak deituta. Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe hartu zuten goiburu. Eta honako hau, mezu: «Euskaraz bizi den herria nabarmendu behar dugu».

Sasitatik indar ateratzeko asmoz, asteak dira EHEk manifestaziora deitzeko kanpaina hasi zuela. Hainbat gizabanako eta talde batu zaizkio bidean. Besteak beste, manifestazioari atxiki zaizkio Kontseilua, Euskal Konfederazioa, LAB, ezker abertzalea eta Alternatiba. Martxan ziren Pello Urizar EAko idazkari nagusia, eta ezker abertzaleko kide Rufi Etxeberria, Joseba Alvarez eta Tasio Erkizia. Euskalgintzako ordezkaritza ere bazen, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia tarteko zela. Berria taldetik, han ziren Joanmari Larrarte kontseilari ordezkaria eta Martxelo Otamendi BERRIA egunkariko zuzendaria.

17:00etarako jarria zuten ordua. Giro petrala zen Donostiako Bulebarrean; euri izpi batzuk, baina, haizearen eraginez, desatseginak oso. Bitartean, jendea batu eta batu, oinez eta autobusetan. Gazteak ziren haietako asko. Hamar minutuko atzerapenez hasi zuten bidea, «Euskal Herrian euskaraz!» oihukatuz. Luzera handia hartu zuen martxak; konparaziorako, burua Hernani kalearen alde batean zela, azkenak abiatzeko zeuden oraindik; eta, bukaeran, lehenak Bulebarrean zirela, azkenak artean Viktoria Eugenia antzokitik atzera zen. Trikitia lagun, euskararen aldeko oihuek bete zuten kalea.

Milaka euskaltzaleren pausoak eta leloak baziren han euskararen alde, manifestazioa hasi eta buka. Amaierako hitzaldian, hala ere, leloetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela adierazi zien manifestariei EHEko kide Unai Larreategik: «Ez da aski lelo hau mingainean dantzari erabiltzea. Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera jo behar dugu, ezinbestez». Aukera egitera egin zuen dei Larreategik, euskaraz bizitzeko erabakia irmo hartzera, eta hori bera gizartean zabaltzera: «Geure egiteaz gain, hauspoa eman behar diogu hautu horri», nabarmendu zuen, Bulebarreko oholtza gainera igota.

Hautua eta jomuga bai, baina egungo egoera makurra salatu zuen Igone Lamarain EHEko kideak: «Gaztelania eta frantsesa dira hizkuntza nagusi Euskal Herrian, euskara eta euskaldunok menpeko izatera bihurtuz. Euskaldunok ezin gara euskaraz bizi gure herrian». Sasitan dagoela euskara, ezkutuan galduta. «Iritsi da garaia euskaldunaren afera agenda politikoaren erdigunean kokatzeko». Gatazka, hizkuntz gatazka, euskaldunek bizi dutela nabarmendu zuen EHEko kideak: «Euskaraz bizi nahian baina ezinean gabiltza, eta gatazka bizi dugu». Horrek guztiak «hizkuntza ordezkapenean» du jatorria, haren irudiko. Alegia, Espainiako eta Frantziako estatuek gaztelania eta frantsesa jarri dituztela erdigunean, eta euskara bazterrean, sasi artean, utzia daukatela. Hori guztia «asimilazio estrategia» dela esan zuen Lamarainek.

Hautua eta egoera mahai gainean jarrita, xedea lortzeko bidea zedarritzen hasteko unea dela adierazi zuen Lamarainek, eta eginahala egiteko eskatu zien manifestaziora batu zirenei. Eta lehen pausoa bidea aztertzea dela adierazi zien, egoeraren analisia egitea. Hara, EHErena: «Euskaldunon eguneroko hizkuntz praktika menpekoa bilakatu da».

Burujabetza, sasia hausteko

Sasia zein den jakinda, hartatik ateratzeko bidea burujabetza dela adierazi zuen Lamarainek. Jokabidea aldatu behar dutela euskaldunek, azalarazi egin behar dutela: «Euskaraz bizi den herria nabarmendu behar dugu». EHEk gogoratu du, ordea, bestela gertatzen dela gaur egun; erdaldun bat den tokian, euskaraz ez dutela egiten euskaldunek. «Jokabide aldaketa bultzatzeko, euskaraz bizitzeko hautua egiteko, gizabanakoaren determinazioa ezinbestekoa bada ere, kolektiboa da erabakia, herriak berak egin behar du euskaldun eta burujabe bizitzearen alde».

Herritarren gain jarririk euskaldun burujabeak lortzeko ardura, Euskal Herriaren burujabetza jarri dute bigarren mugarri. Lamarainek adierazi zuen euskarak ezinbesteko duela «lehentasunezko estatusa», ezagutu beharreko eta edonon erabiltzeko modua baduen hizkuntza izateko. Horretarako, hizkuntza politika egoki egin behar dela uste du EHEk. Ordea, talde horren ustez, hori ez dute ahalbidetzen Espainiako eta Frantziako estatuek; areago, gaztelania eta frantsesa jartzen dituzte derrigor jakin beharreko hizkuntza bakar gisa. «Horregatik, menpeko izateari laga, eta erabakiak bertatik bertara hartzeko eskubidea behar du Euskal Herriak; burujabetza behar du».

Eragiteko garaia dela, mezu hori berretsi zien manifestariei Euskal Herrian Euskaraz-ek: «Guri dagokigu euskaldun eta burujabe izateko bidea egitea eta eragitea, biak direlako aldaketaren oinarri». Sasia zein den markatuta, horiek mozten hasteko zereginean hastera deitu zuen Lamarainek: «Herritarrak eragile aktibo bihurtu eta protagonista papera jokatu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.