Euskarari iaz emandako diru laguntzen neurriari eutsiko die Gipuzkoako Diputazioak. 2.373.490 euro eman zituen iaz, eta 2.386.422 euro jarriko ditu diputazioak, Zigor Etxeburua Euskara zuzendariak atzo jakinarazi zuenez.
Diru sailetan ez da alde handirik; Euskararen erabilera soziala normalizatzeko udal planak atalean iaz baino 95.000 euro gehiago jarriko ditu aldundiak; Alor sozioekonomikoan euskararen erabilera planak eta ikerketa proiektuak atalean, berriz, 96.000 euro gutxiago emango ditu. Euskarazko tokiko telebistentzako diru sailari 15.000 euro gehituko dizkio.
Euskarazko aldizkarien argitalpena sustatzeko erabiliko da diru sail handiena, 610.000 euro. Euskara sustatzeko jarduerentzat ia 400.000 euro eta erabilera normalizatzeko beste horrenbeste emango ditu. Ikus-entzunezko produktuak, haur eta gazteentzako aisialdi produktuak, liburuen hedapena, itzulpen praktikak egiteko bekak eta informazio eta komunikazio teknologietan euskarazko edukiak zabaltzek proiektuak ere lagunduko dituzte.
Diru laguntzen zenbatekoari eustea izan da, Etxeburuaren esanetan, erronketako bat. «Euskararen erabilera soziala» indartzea, euskal kulturgintzako industriair eta tokiko euskarazko komunikabideei laguntzea, eta udalei «hizkuntza politika eraginkorrak» egiteko baliabideak ematea izan dute asmoen artean.
Bizkaiko Diputazioak egitasmo berri bat aurkeztu zuen atzo. Euskara Bizia izeneko batzordea sortu du erakundeak; Miren Josune Ariztondo Kultura eta Euskara diputatua izango da batzordeko presidentea. Eudel, Azkue fundazioa eta Euskaltzaindia izango ditu partaide, besteak beste. «Euskal hizkuntzaren alde lan egiten duten elkarte eta erakundeek ere izango dute ordezkaritzarik», zehaztu du diputazioak.
Euskararentzako iazko diru sailari eutsi dio Gipuzkoak
Euskara Bizia batzordea sortu du Bizkaiko Aldundiak, Eudelekin, Azkue fundazioarekin eta Euskaltzaindiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu