Euskarari «behar den garrantzia» emango zaiola dio Osakidetzak

Kritikei aurre eginez, abiaturiko Lan Eskaintza Publikoaren defentsa irmoa egin du Osasun Sailak

EHEren protesta, 2009ko Osakidetzaren lan eskaintza publikoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
«Euskara behar den neurrian balioztatu behar da. Ez zaio beharrezkoa dena baino garrantzi handiagoa eman behar, ezta garrantzia ukatu ere». Hitz horiek atzo Jesus Mari Fernandez Osasun sailburuordeak esandakoak dira, Osakidetzan egingo den lan eskaintza publikoaren inguruan. Urte bukaeran izango dira etsaminak, eta horien formatua aldatzea beharrezkoa zela ohartarazi du Fernandezek. «EAJren garaian izandako oposaketetan oso alde txikia izaten zen, eta norberak zuen euskara gaitasuna erabakigarria suertatzen zen».

Aldaketa onerako izango dela uste du Osakidetzako zuzendari Julian Perez Gilek. «Euskara titulurik ez duten profesionalek aukera hobea izango dute lanpostu bat izateko. Ezin da Europa mailan osasun munduan erreferente izan profesional onenez inguratu gabe». Enpresa eta unibertsitate arrakastatsuenekin alderatzen du egoera: «Ezin da puntako unibertsitate edo enpresa bat izan hemengoez gain kanpoko langilez inguratu gabe. Hori gabe zinezkoa da ondo funtzionatzea».

Perez Gilek eta Fernandezek sindikatuek eskaintza publikoaren inguruan erakutsi duten postura ere kritikatu dute. Sindikatuei 2.600 lanposturen eskaintza txikia iruditzen bazaie ere, Fernandezentzat sindikatuen jokaera «estrategia hutsa» da. Jarrera hori ulergaitza iruditzen zaiola ere erantsi du sailburuordeak. «Sindikatu abertzaleak zenbait profesionalek lanpostu finko bat lortzeko eta aurrenekoz lan merkatuan sartzeko izango duten aukeraren aurka nola azaltzen diren ez dakit».

Horrez gain, Osakidetzaren inguruan duten ustea faltsua dela ere nabarmendu nahi izan du. «Ezin da esan Osakidetzak lanpostuak murriztu edo zerbitzuak gutxitu eta pribatizatu egiten dituela, 2.600 lanposturako deialdia egin baitugu». Ildo horretan, sindikatuen parte hartze eskasa ere salatu du, eta protagonismo eta lankidetza handiagoa eskatu dizkie.

Gardentasuna nagusi

Osasun alorreko profesionalei zuzendutako 2.600 lanpostuetan «gardentasuna eta objektibotasuna» nagusituko direla uste du Fernandezek. Deialdi guztiek ondo prestatutako epaimahai bat izango dutela dio, eta partaideak zientzia elkarte eta mediku elkargoek Osakidetzari gomendatutako kideak izango direla. Epaimahaikideek gardentasunez jarduteaz gain, lanpostuetara aurkeztutako guztien aurrean berdintasunaelementu garrantzitsua izango dela ere nabarmendu du.

Etsamina izango duten aurreneko hiru espezialitateak pediatria, ginekologia eta erradio-diagnosia izango dira. Horietara aurkezteko eskaera epea uztailaren 28tik irailaren 12ra bitartekoa da. Aurreneko astean hainbat pertsonak eman dute izena dagoeneko, eta Osakidetzak hautagaien kopurua handitzea espero du. Pediatriarako eskainiko dituzten 61 postuetarako 51 pertsonak izena eman dute jada. Erradio-diagnosian 26 lanpostu jarri dituzte, eta 35 hautagai daude. Kopuru txikiena ginekologia arlokoa da. 23 lanpostu izango dira, eta aurkeztutako profesional kopurua 27koa da.

Euskal Autonomia Erkidegoan, gainerako erkidegoekin alderatuz gero, egoera hobea dela nabarmendu du Fernandezek. «Gainerako erkidegoen artean 900 lanpostutarako azterketak izango dira, eta gurean, berriz, kopuru horren hirukoitza». Gainera, euskal osasungintza bideragarria dela erantsi du. «Gure estrategia Espainia osoko lurraldeek jarraitu nahi duten erreferentzia da. Horretarako hainbat arrazoi daude eta». Itxaron zerrendak inoizko laburrenak direla dio, eta bularreko eta koloneko minbizia diagnostikatzeko test berriak abian jarri diren arren, defizita eta zorra gainditu dituztela ohartarazi du. Hala ere, lorpen garrantzitsuenak «guztien ahanzturan» dauden Gorliz eta Santa Marinako ospitaleen berregituratzeak izan direla nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.