Euskararen inguruko aurreiritziak apurtzeko asmoa du ikuspegi ekonomikotik egindako ikerketak. “Tarteka entzuten ditugu hainbat adierazpen: dirua xahutzea dela, nolatan krisi garaian hainbeste diru jartzen den hizkuntza politikan... Aurreiritzi bat dago horren oinarrian”, ohartarazi du Patxi Baztarrikak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Hizkuntzen arteko bereizketa ikusten du oinarrian: “Batzuk hizkuntza eraginkortzat jotzen dira, eta beste batzuk, kultur ondare huts gisa”.
Estatu hizkuntza ez direnek ere balio ekonomikoa badutela ikusarazteko egin dute ikerketa. Baztarrikak nabarmendu du, hala ere, hizkuntzen balioa "justifikatzeko" ez dagoela alde ekonomikora begiratu beharrik, bestela ere balioa badutela hizkuntzek.
Siadeco etxeak egin du azterlana, eta ondorioztatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordinaren %4,2 dagokiola euskarari. 2.800 milioi euroko ekarpena da ekonomiarentzat. Zehazki, lau esparrutatik aztertu dute ekarpen hori: hizkuntzaren industriatik —euskaltegiak, itzulpegintza...—, kultura eta hedabideen industriatik —liburu eta diskogintza, ikus-entzutekoak, komunikabideak, euskara elkarteak...—, hezkuntzatik —bai oinarrizko hezkuntza, bai unibertsitatea—, eta administrazio publikotik —euskara arloko baliabideak eta kulturakoak—. Guztietatik, hezkuntzak du pisu handiena, “nabarmen”.
BPGaren ekarpena zenbatekoa den alderatzeko, datuak eman dituzte. Hezkuntzak %5,5eko ekarpena egiten du; turismoak, %5,8koa; I+G+Bak, %2,1ekoa. Euskarak, %4,2koa.
Sortutako lanpostuei dagokienez, 56.000 postu baino gehiago dira euskararekin lotuak. Hiru herrialdeetako lanpostuen %6,3 dira.