Euskarari eta haren alde egin beharrekoari so Iruñean

Mahai-inguru bat egin dute Iñaki Azkonak, Pello Mariñelarenak eta Pili Yoldik, PSNk antolatu jardunaldian

Pello Mariñelarena, Pili Yoldi eta Iñaki Azkona. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Adostasuna bilatzea. Legeak betetzea. Euskaldunon errealitatea ezagutzea. Horiek dira Nafarroan euskararen egoera hobetze aldera hartu beharreko premiazko hainbat neurri, Iñaki Azkona euskara teknikariarentzat, Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Pello Mariñelarenarentzat eta Pili Yoldi kazetariarentzat. PSNk euskararen inguruan antolatutako jardunaldiko mahai-inguruan parte hartu zuten, asteazkenean, Iruñeko Baluarten.

Euskarak eta euskal hiztunek Nafarroan defizit egoera deigarriak pairatzen dituztela azpimarratu zuen Azkonak, eta horren adibide aipatu zuen eremu ez euskalduneko gurasoek D eredu publikoaren aldeko hautua egiteko aukerarik ez izatea, eta Europatik egin diren gomendioak ez betetzea.

Egoerari buelta emateko, elkarbizitza gakoa dela gaineratu zuen: «Elkarbizitzak bi zutabe behar ditu izan, bat da euskara ezin dela inposatu, eta, aldi berean, ezin zaiola atea itxi; eta bi, ahulenari erraztasunak emateko hizkuntza politika egin behar dela». Eta Nafarroan, ahulena, euskara dela argi du euskara teknikariak.

Hezkuntzaren esparruari egin zion so Mariñelarenak, eta, batez ere, D ereduan ikasten duten neka-mutilek unibertsitatean ikasketak euskaraz egiteko aukerarik ez izatea nabarmendu zuen. Euskarak iraunen duela ziurtatzeko lege berria behar dela gaineratu zuen, baina orain indarrean dagoen euskararen legea garatzeak ere emanen luke egoera hobetzeko aukera, haren ustez.

Pili Yoldi kazetariak Espainiako Gobernuak hizkuntza gutxituen esparruan Europan hartutako konpromisioak ekarri zituen gogora, eta konpromiso horiek betetzeko ordua dela azpimarratu zuen. Euskararen legea aldatzeko premia aipatu zuen. «Nafarroan, bizi zaren tokiaren arabera eskubide guztiak edo bakar bat ere ez duzu, eta nafar guztiok gara berdinak».

Euskaldunen errealitateari buruzko ezagutza falta nabarmena dela gaineratu zuen, eta PSNri, UPNri, CDNri eta IU-NEBi euskal hiztunen komunitatea ezagutzeko deia egin zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.