Etengabea izan da soka: euskara bultzatzeko neurriak onartu erakundeek, eta salaketa berehala. «Damoklesen ezpata». Hizkuntza politikan pauso gehiago ematen saiatu diren erakundeen gain jarritako mehatxuak salatzeko manifestaziora deitu du gaurko Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara lelopean egingo dute Donostian. Euskara sustatzeko neurriekiko «esku hartzeak» salatuko dituzte.
Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkari Carlos Urkijok hartu du protagonismoa euskara bultzatzeko neurrien aurka: euskara planak, aktak euskaraz egitea, kontratuetan hizkuntz irizpideak jartzea... Guztiak salatu ditu.
Kontseiluak ohartarazi du Urkijorena ez dela kasu bakarra. Gainerako herrialdeetan ere ari dira horrelako neurriak hartzen. Azken hiletan izan dira bi adibide: Nafarroan, gobernuak Baztango Udala salatu du, euskara lehenesteko neurri batzuk hartu dituelako; Lapurdin, Uztaritzeko Herriko Etxeari galarazi egin diote euskara hizkuntza ofizialtzat hartzea. Helburu bera dute salaketa guztiek, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren ustez: «Euskarari balioa kendu nahi diote, beti frantsesaren eta gaztelaniaren ondoan agertzera behartuz».
Hona hemen, egoera horretan dauden udal batzuk:
MAIDER AIESTARAN
Uharte Arakilgo alkateordea (Nafarroa)
«Inprimakiak euskaraz soilik egitea ezinezkoa dela esan ziguten»
Euskara ordenantzarekin izan dituzte gorabeherak Uharte Arakilen (Nafarroa). 2013. urteko azaroan onartu zuten, eta salaketa jarri zuen PPk. «Deigarria izan zen: hemen bi zinegotzi ditu PPk, baina Eloy Villanueva parlamentariak jo zuen auzitara», azaldu du Maider Aiestaran alkateordeak. Egoera bitxi baten beste froga bat da: bi zinegotzi ditu PPk Uharte Arakilen, baina horietako baten berririk ez dute denbora luzez. «Almerian [Espainia] bizi da».
Iazko maiatzean, Nafarroako Administrazio Auzitegiak bertan behera utzi zituen ordenantzaren bi puntu. Aiestaranek azaldu du udaleko inprimakiak egiteko bi aukera zehaztu zituztela ordenantzan: euskaraz, edo euskaraz eta gaztelaniaz. Ezezkoa eman zien auzitegiak. «Euskaraz soilik egitea ezinezkoa zela esan ziguten». Atal hori kendu egin zuten.
Herritarrek administrazioaren informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea beharko luketela dio Aiestaranek. «Euskararekin zer politika duten agerian geratu da».
GARBIÑE ELIZEGI
Baztango alkatea (Nafarroa)
«Euskara desagertzea da xedea. Gure lana da gure eskubideak defenditzea»
Azken asteetako kasua da Baztangoa: Nafarroako Gobernuak helegitea jarriko dio udalaren euskara planari. «Jakinarazpenak ditugu oraingoz: lehenik iritsi zen gobernuaren foru agindua, helegitea jarriko dutela iragartzen duena; orain iritsi zaigu auzitegiaren jakinarazpena». Auziarekin aurrera egiteko asmoa du udalak, Garbiñe Elizegi alkatearen esanetan.
Euskara lehenesteko neurri batzuk jaso dituzte euskara planean: webgunera sartzean lehenik euskarazko bertsioa azaltzea —handik sar daiteke gaztelaniazkora—, telefonoa hartzean lehen hitza euskaraz egitea udal langileek...
Auzitegian zer gertatuko den zain dago udala. Argi dio Elizegik: «Gure kontrako epaia bada, legea aldatu beharko da». Euskararen legea «traba» bihurtu dela ohartarazi du. UPNren gobernuaren jardunaz ez du harridurarik azaldu. «Euskara desagerraraztea du helburu». Deia egin die horregatik herritarrei: «Gure lana da gure eskubideak defenditzea».
AMAIA AGIRREGABIRIA
Pasaiako alkatea (Gipuzkoa)
«Urkijok obsesioa du euskararen aurka; anakronikoa da»
Pasaiako Udalera ere (Gipuzkoa). heldu da Carlos Urkijoren berri. Euskarari dagokionez, aktak euskaraz egiteagatik jo du auzitara. «Elebidunak izan beharko liratekeela dio», azaldu du Amaia Agirregabiria alkateak. Urkijoren salaketa gehiago pilatuak ditu udalak: Udalbiltzari diru laguntza emateagatik, Espainiako banderagatik... Jarraipen estua jasaten ari direla dio. Espainiako banderarena, adibide: «Jarri dugu, baina nahitaezko betearazpena igorri digute jartzeko. Guardia zibilak bidali zituzten, baina pentsatu zuten fatxada beste bat zela, eta bandera jarri gabe dugula diote».
Urkijoren jarduna «anakronikotzat» jo du Pasaiako alkateak. Akten kasuaz galdetuta, argi dio: «Obsesioa du euskararen aurka». Ez du uste, hala ere, pertsona bakarraren ildoa denik. Adibidea jarri du, asteon aurrekontuei buruz izan duten osoko bilkurakoa. «Euskara ikasleentzako laguntzen eta Euskal Fondoaren aurka aritu ziren PPko zinegotziak. Euskal guztiarekiko fobia daukate».
ARANTZA BAIGORRI
Zaldibarko alkatea (Bizkaia)
«Indar erakustaldi bat da; gogoratzeko Espainia hor dela, nahierara aritzeko»
Bizkaian, oraingoz, gutxiagotan hartu du epaitegietako bidea Urkijok. Estu gainbegiratzen dihardu udalen jarduna, hori bai. Errekerimenduak igortzen hasi zaizkie euskara bultzatzeko neurriak hartu dituztenei, gaztelania «alboratzen» ote duten egiaztatzeko xedez. Aurrekariak ez dira baikorrak, halere. Salaketak «edozein unetan» irits daitezkeela uste du Arantza Baigorrik. Zaldibarko alkatea da, eta Urkijok informazioa eskatua dio kontratazioetako hizkuntz irizpideez, euskarak «pisu handia» duelakoan. Auzia geldirik da: «Eskaera gaztelaniaz jaso genuen, eta erantzun genion euskaraz igorri arte ez geniola daturik helaraziko. Esperoan gaude».
Ez da jaso duten abisu bakarra. Espainiako bandera jartzeari muzin egiteagatik, auzitara jo zuen Urkijok; epaiketa galdu, eta «behartuta» ipini behar izan du udalak. Areago: «Bi alditan desagertu da, eta epaia bete ez dugula esaten digu orain. Sinestezina da». Balkoian euskal presoen aldeko afixa zintzilikatzeagatik ere salatu du.
Azkena izango ez den susmoa du alkateak, Urkijok oraindik salaketa ofizialik jarri ez duen arren. «Nolako jarrera duen ikusita, ez dut zalantza izpirik: gai izango da berriro ere gure aurka jotzeko. Ez dugu ustekabean hartuko, behintzat. Edozer gauza espero dugu jadanik». Urkijok erabakiok hartzeko izan ditzakeen arrazoiei buruz galdetuta, zurrun mintzo da Baigorri: «Euskal kutsua daukan oro jomugan hartua du, salbuespenik gabe. Euskara bultzatzeko politiken alde direnei indarra erakusteko modu bat da; gogorarazteko Espainia hor dagoela, haren menpeko garela, eta ia nahierara arituko dela, guk nahi edo ez».
MAITANE LARRAURI
Lekeitioko alkatea (Bizkaia)
«Ez daukagu gaitasunik euskaraz sorturiko dena gaztelaniara itzultzeko»
Carlos Urkijoren salaketak kolapso egoeran jarri du kasik Lekeitioko Udala, Maitane Larrauri alkatearen esanetan. Bilkuren aktak euskara hutsean igortzen zituztela eta, kexu agertu zen Espainiako Gobernuaren ordezkaria. Udalari ohartarazi zion legez gaztelaniaz ere bidali beharko lituzkeela aktak, eta hala egiteko exijitu. Ezetz erantzun zion alkateak, zorrotz: «Administrazio bat den heinean, baliabide aski eduki beharko lituzke testuak itzultzeko, premia edukiz gero. Ez dagokigu hori egitea». Auzia irabazi zuen Urkijok.
Lan zama handitu zaiela antzeman du Larraurik. Epaiaren eragina leuntzen saiatu dira, edonola ere: «Eguneko aztergaiko puntu nagusiak igortzen dizkiogu gaztelaniaz, ez guztiak. Ez dugu gaitasunik euskaraz sorturiko den-dena gaztelaniara itzultzeko». Gutxienekoak beteta, epaiari izkin egitea da asmoa. Hautetsiak onartu du, ordea, bistakoa dela eragina: «Buruhauste bat da. Kudeaketa zaildu, eta egunerokoa baldintzatzen digu. Ez du zentzurik baten burugogorkeriagatik hala ibiltzea». Ohartarazi du diru jasa «handia» dela, udalaren aburuz «antzua» den eginkizun batean behargin bat jarri behar dutelako.
NATXO URKIXO
Laudioko alkatea (Araba)
«Inolako frogarik gabe jotzen du auzitara, jakin gabe egia diren edo ez»
Salaketak, errekerimenduak eta epaiak jasoak dituzte Laudion ere euskararen alde hartutako erabakien karietara: kontratazioetako hizkuntza irizpideen aurka, Urkijok berak zinegotzi zenean onartutako euskara planaren aurka... «Hark asmatutako zenbait neurriren kontra ere bai», dio herriko alkate Natxo Urkixok. Azaldu du hedabideetan agertutako berriak baliatzen dituela. «Inolako frogarik gabe, egia edo gezurra den jakin gabe, esku hartzen du».
Euskara bultzatzeko neurriak hartuta erdaldunak zokoratzen direla aipatu du sarritan Urkijok. Laudioko hautetsia ez dator bat: «Euskarak pairatzen du bazterketa handien, erakundeen aldetik batik bat hutsala delako babesa». Urkixok ziurtatu du, halere, orain arteko bideari eutsi asmo diotela.
MIKEL LASHERAS
Zigoitiko alkatea (Araba)
«Jakinda auziek ez dutela bide luzea izango, udalon jarduna moteldu nahi du»
Ekintza kulturaletarako kontratazioetan euskarari lehentasuna emateagatik informazioa galdegin dio Urkijok Zigoitiko Udalari. Kritiko da Mikel Lasheras alkatea: «Jakinda salaketek ez dutela bide luzerik izango, udalon jardunari galgak jartzea nahi du, gure egunerokoa moteltzea eta neurriak ahalik eta beranduen sartzea indarrean. Ospea lortzeaz aparte, noski». Alkateak «euskaldunon nahia oztopatzeko saioa» ikusten du erabaki horien atzean: «Euskal kulturaren aurkako eraso jasangaitza da». Presoen senideei laguntzak emateagatik eta Espainiako bandera ez jartzeagatik ere salatu du Urkijok Zigoitiko Udala.