Euskarari leku «anekdotikoa» egitea egotzi diote Iruñeko Udalari

Iruñeko euskalgintzak sinadura bilketa bat hasi du hizkuntza paisaian euskarari dagokion lekua emateko eskatzeko

Maialen Huarte
Iruñea
2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
AEK, Administrazioa Euskaraz Taldea, EHE, IKA eta Sortzen Ikasbatuaz batu egin dira Iruñeko Udalari jarrera alda dezan eskatzeko. Nork bere esparruan euskararen berreskuratze eta normalizazioaren alde lan egiten dutela gogorarazi dute, baina trabak ugariak direla. «Euskaldunon hizkuntza eskubideak ez daude bermaturik eta alor honetan erantzukizuna dute administrazioek». Iruñeko Udalaren jarrera, bereziki, larritzat daukate. «Interpelazio zuzena egin nahi diogu, neurri zehatzak har ditzan eta eskubideen urraketa konponbidean jar dezan», azaldu du Sagrario Alemanek (IKA). Izan ere, gaur egun euskarari leku «anekdotikoa» ematen diola salatu dute. Egoera horri aurre egiteko asmoz erabaki dute bat egitea, eta sinadura bilketa bat abiatzea. «Guztion indarrak bildu eta eragile moduan agertu gara, Iruñeko euskalgintza moduan, maila orokorreko ekinbidean aritzeko».

Hartu beharreko neurrien artean hiru dira nagusi, erakunde euskaltzaleen ustez: hizkuntza paisaian euskarak dagokion tokia izatea, kultur eskaintzan eta aisialdikoan ere euskara aintzat hartzea eta zerbitzuetan euskarak dagokion tokia izatea. Asmo horrekin jarri dute abian sinadura kanpaina, eta parte hartzeko deia egin diete euskaltzale guztiei.

Datu kezkagarriak

Hizkuntza paisaiarena lehen lan ildo moduan markatu du euskalgintzak oraingo honetan, Iruñeko paisaiaren diagnostikoa egin eta datuak aski kezkagarriak direla ikusi baitu: «Hizkuntza eskubideak urratu egiten dira eta legea ez da behar bezala betetzen ari». Asier Biurrun AEK-ko ordezkariak egoera gordina aurkeztu du: «Indarrean dagoen legea bera ez da euskara normalizatzeko, itxurazko presentzia izateko baizik».

Iruñeko Udalean indarrean dagoen ordenantzaren arabera, bi hizkuntzak agertu beharko lirateke maila berean. Baina errealitatea oso bestelakoa dela salatu dute euskalgintzako eragileek: euskararen presentzia oso urria da. Hizkuntza bat minorizatua denean eta normalizatzeko benetako nahia dagoenean bultzada handiago baten beharra izaten duela gogorarazi dute, eta hori ez dela gertatzen Iruñean. «Ahotsik gabe ozen hitz egiten du hizkuntza paisaiak Iruñean; kale izenen plakek, errotulazioek, kartelek eta abar ez dute euskarazko presentziarik».

Euskarak presentzia urria izateaz gain bazterreko lekuak baino ez dituela hartzen salatu dute eragile euskaltzaleek. «Euskarak toki duina ez izateaz gainera, berau baztertu egiten dute, eta egoera are larriagoa bilakatzen da baztertzailea administrazioa bera denean, herritarren hizkuntza eskubideak baztertzen baititu». Horrek ondorio larriak dituela esan dute: «Iruñera etorrita, bere hizkuntza paisaian euskara gutxietsita, Iruñeko Udala euskaldun komunitatea gutxiestea transmititzen ari da».

Instituzioaren jarrera ezkor hori bereziki larria dela nabarmendu dute. «Administrazioek gizartearentzat erreferente eta aitzindari izan behar dute, gizarteari jokabide konkretu bat transmititzen ari baitzaizkio».

Gutxiespena

Euskara era zuzenean gutxiesten du Iruñeko Udalak, haien esanetan, eta horri aurre egin nahian, hiru eskaera egiten ditu euskalgintzak: batetik, hizkuntza paisaia erregulatzeko indarrean dagoen euskararen ordenantza zorrotz aplikatzeko eskatzen du; bestetik, udalaren ardurapeko hizkuntza paisaian euskarak «lehentasunezko» lekua izateko beharrezkoak diren aldaketak egiteko, eta, azkenik, aldaketa horiek egiteko euskalgintzarekin harremanetan jartzeko.

Honen guztiaren inguruan indarrak batzeko egingo dute sinadura bilketa. «Gaur egun euskaraz bizi den eta bizi nahi duen jende asko gara Iruñean, maiatzeko manifestazioan agerian geratu bezala, eta, horregatik, Iruñean euskaraz bizi nahi duen oro sinatzera deitzen dugu», ekarri dute gogora.

Otsailera arte izanen da sinadura emateko aukera. Gero udalean aurkeztu eta bertako ordezkariekin biltzea da asmoa. Izan ere, konponbidea elkarlanaren bidez etorriko dela argi dute euskalgintzako eragileek. «Euskararen geroa eta benetako normalizazioa lortzeko, ezinbestekoa da guztion arteko lankidetza: erakunde instituzionalak, mota guztietako eragileak eta banakoak», ekarri dute gogora.

Sinadura bilketan parte hartu nahi dutenei AEK eta IKAko euskaltegietara jotzeko deia egin diete, han aukera izango baitute egitasmoarekin bat egiteko. «Iruñean euskaraz bizi nahi duen oro» gonbidatuta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.