Euskaraz ikasi duten ikasleak hizkuntza horren ezagutza bermatzeko agiriak aurkezteaz salbuetsiko dituen dekretuari forma ematean, «zuhurtziaz» jokatu dutela azaldu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaak. Hain zuzen ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasle ia guztiek dekretuaren zirriborroan zehaztutako gutxieneko mugak gainditzen dituztela nabarmendu du. Are gehiago, dekretuaren helburuak ezbaian jartzea EAEko hezkuntza sistemaren kalitatea ezbaian jartzea litzatekeela gaineratu zuen atzo Zelaak. Blanca Urgell Kultura sailburuarekin batera Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin zuen dekretuaren zirriborroaren aurkezpena egiteko. Urtea bukatu aurretik onartu nahi dute.
Ikastorduen erdian jarri du Eusko Jaurlaritzak euskararen ezagutza egiaztatzeaz salbuetsita egongo direnen muga. Hau da, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastorduen erdiak euskaraz ikasten dituztenak B1hizkuntza eskakizuna aurkeztetik salbuetsita egongo dira, eta Batxilergoko ikastorduen erdiak euskaraz ikasten dituztenak, berriz, B2 maila aurkeztetik. Horretarako Euskara eta Euskal Literatura ikasgaia ere gainditua izan beharko dute. Neurri horrek Eusko Jaurlaritzaren, EAEko hiru aldundien eta bertako udalen lan eskaintza publikoetan eragina izango du.
Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak 2004. eta 2006. urteetan egindako zenbait ikerketak Hezkuntza eta Kultura Sailaren erabakia bermatzen dutela uste du Zelaak. Ikerketa horien arabera, ikasle gehienek Lehen Hezkuntzako 6. mailan B1 maila gainditzeko moduko ezagutza izaten dute, eta DBH bukaeran B2ra heltzen dira. Hala ere, Jaurlaritzak DBH bukaeran B1 maila aitortuko duela gogorarazi du Hezkuntza sailburuak, eta Batxilergoan B2 maila; horregatik dio «zuhur» jokatzen ari direla.
C1 eta C2 mailetatik salbuesteko irizpideak ezberdinak izango dira, dekretuaren zirriborroaren arabera.EGAren baliokidea den maila aitortzeko (C1) lau kasu aintzat hartuko ditu Jaurlaritzak. Euskaraz ikasitako kredituak, euskara ikasteko kreditu bereziak eta gradu bukaerako lana egin eta aurkezteko aukeratutako hizkuntza kontuan hartzen dira kasu horietan. Euskaraz emandako 48 kreditu, euskara ikasteko 12 kreditu berezi eta lanaren aurkezpena euskaraz egin beharko dira C1 mailatik salbuetsita egoteko; gainerakoan, euskarazko 144 kreditu gainditu beharko dira.
C2 mailatik doktore tesia euskaraz egin eta defendatu duten doktoreak egongo dira salbuetsita, baita Euskal Ikasketen gradua edo Itzulpengintza gradua lortzen duten ikasleak ere. Azken kasu horretan lehen hizkuntza gisara euskara aukeratu dutenak soilik egongo dira salbuetsita.
Dekretuaren zirriborroak atzera begirako eragina izango duela aurreratu du Zelaak. 2008ko apirilaren 16tik aurrera lortutako titulu guztiengan eragina izango du, egun horretan homologatu baitzituen Eusko Jaurlaritzak ematen zituen tituluak Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura.
Ikasketen truke tituluak eman beharrean ikasleak titulu horiek aurkezteaz salbuetsi nahi ditu Jaurlaritzak. Tituluak ematea baino bide egokiagoa dela uste du Urgellek: «Normalizatzaileagoa». Eredu horrek hezkuntza guztiz homologagarria dela frogatzen duela pentsatzen du.
D eredua lehenestearen alde
Eusko Legebiltzarreko talde guztiak bat datoz dekretu zirriborroaren funtsarekin, baina zenbaitek hainbat aldaketa egiteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. DBHko titulua D ereduan lortu dutenei mugatzeko eskatu du, esaterako, Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak. Euskararen ezagutza bermatzen duen eredu bakarra dela nabarmendu du. Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak, berriz, dekretuaren edukiak zehazterakoan erabilitako irizpideen berri emateko eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari. Hain justu, Agirrezabalak gogorarazi du zenbait ikerketaren arabera curriculumaren %60 baino gehiago hizkuntza bakar batean ematean lortzen direla emaitzarik onenak ikasleen partetik.
Curriculumaren erdia euskaraz ematearen mugari buruzko kezka ere agerian utzi du Arantza Aurrekoetxea EAJko legebiltzarkideak. Horrez gain, dekretuaren funtsarekin bat etorri arren, erabakiak hartzerakoan erabilitako agiri eta ikerketen berri emateko eskaera egin dio Zelaari.
Euskaratik salbuesteko dekretuan «zuhur» jokatu dutela dio Zelaak
Ikasgaien erdiak baino gehiago euskaraz ikasi dituzten DBHko eta Batxilergoko ikasleen ezagutza B1 eta B2 mailekin parekatuko duEusko Jaurlaritzak agerian laga du dekretua urtea amaitu aurretik onartzeko asmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu