Euskal herria

Euskaraz bizitzeko eskubidearen inguruan lan egitea berretsi du Kontseiluak urteko batzarrean

Xabier Mendiguren Bereziartu ohorezko lehendakari izendatzea erabaki dute.

2011ko apirilaren 2a
15:36
Entzun

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urteko batzarra egin du Altsasun (Nafarroa), eta euskaraz bizitzeko eskubideak aldarrikatu ditu Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak: "Herritar andanak aldarrikatu du nahi hori eta Kontseiluak hori lortu nahi duten herritarrentzat akuilu izan nahi. Aurten zentzu horretan urratsak eman daitezen lan egingo dugu”. 

Euskaraz bizitzeko eskubidea erdigune politiko-sozialean koka dadin deialdia egin du Bilbaok. Herri mugimenduak bultzatuta euskararen normalizazioan aurrerapauso garrantzitsuak egin direla aipatu du, baina oraindik helburua lortu ez denez, indar gehiagoz lan egiteko deia egin du. Elkarrekin lan egitearen beharra ere aipatu du Kontseiluko idazkari nagusiak. "Euskaraz bizi nahi duten herritarrei euskalgintzak babesa eman nahi die izan ere, guztiok elkarrekin lan eginez aurrerapausoak ematea lortuko dugu”.

 

Iruñeko Planetariumean 2010eko azaroan aurkeztu zuen Kontseiluak egoeraren inguruan egiten duen irakurketa eta aurrera begira egiten duen proposamena. Norbanakoen aktibazioan indarra egin nahi du Kontseiluak aurrera begira. "Euskararen normalizazioan guztiok dugu zeregina. Bakoitzak bere esparrutik jomuga dugun normalizazioan urratsak eman daitezen eragin dezake", aipatu du Paul Bilbaok. "Herritar askok euskaraz bizi nahi duela aldarrikatu du modu desberdinetan eta baita eguneroko bizitzan ere. Hori guztia kudeatzen ahalegina egingo dugu", esan du Kontseiluko idazkari nagusiak.

 

Kontseiluko bazkideen batzarrak Xabier Mendiguren Bereziartu ohorezko lehendakari izendatzea erabaki du, gainera. Mendiguren Kontseilua bere sorreratik ezagutzen du. Sortze prozesuan parte hartu zuen eta lehen hamar urtetan bertako idazkari nagusia izan da. Egindako lanaren errekonozimendu gisa oroigarri bat ere jaso du.

Urteko batzarrean, Kontseilua osatzen duten bazkideek 2010ean egindako lanaren balorazioa egin dute eta 2011n garatuko diren ildoak ere adostu dituzte. Euskaraz bizitzearen aldeko apustu argia egiten du Kontseiluak. Datozen hilabetetan, ildo horretan jarraituko du lanean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.