Goizean hasi da Gernika-Lumon Euskaraz Bizi Eguna, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak antolatuta, eta euskaltzale asko bildu da orain arteko ekitaldietan. Erakusketak, tailerrak, Euskalduna naiz eta harro nago! mendi martxaren harrerak, gaiteroek, kale animazioak eta sokatira saioak arrakasta izan dutela esan du EHEk. Bazkaltzen, 500 lagun bildu dira, eta Igor Elortza, Onintza Enbeita, Ander Elortegi eta Beñat Ugartetxea bertsolariak kantuan aritu dira.
Arratsaldean Sasi guztien gainetik euskaraz bizi! lelopean manifestazioa egin dute, eta horren bukaeran, ekitaldia. Iluntzean kontzertuek hartuko dute lekukoa: Betagarri eta Sarkor ariko dira lehenik, eta ondoren erromeria egongo da Joxpa taldearekin.
"Jaia eta aldarrikapena uztartuz euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko" asmoz antolatu du eguna EHEk. Halaber, "zapalkuntzari aurre egin eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidera hurbildu nahi ditugu herritarrak, euskara eta euskaldunak menpeko bihurtzen gaituzten asimilazio estrategien aurrean euskaraz biziko den herrirantz bidea egiten joateko, inoren eta ezeren zain gelditu barik".