Eusko Legebiltzarrak euskaraz lan egiteko eskubidea ukatu zien, atzo eguerdian, bertako legebiltzarkideei. EAEko Fiskaltza Nagusiaren 2010eko memoria gaztelania hutsean zegoela eta, euskaraz ere egon arte txosten horren aurkezpena atzeratzeko eskatua zuten Aralarrek eta EAk. Baina alferrikakoa izan da bi alderdion ahalegina. Erakunde, Herrizaingo eta Justizia Batzordean txostena atzo aurkeztuko zutela zegoen iragarrita, eta bete egin zen plana. Batzorde horretako presidenteak —Joana Madrigal da, PSE-EEkoa— ez zuen aintzakotzat hartu bi alderdi abertzaleen eskaria, eta Juan Kalparsoro EAEko fiskal gorenari hitza eman zion, txostena aurkez zezan. Jarrera horren ondorioz, Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak batzordetik ateratzea erabaki zuen, protesta modura.
Atzoko jazoeraren harira, Aralarrek gogorarazi du Eusko Legebiltzarreko araudiaren 2. artikuluan dagoela EAEko bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko eskubidea. Bi hizkuntza ofizialen erabilera «normalizatua» bermatuko dela agintzeaz gain, honako hitz hauekin zehazten du legebiltzarreko langile zein herritar guztien eta ganberaren arteko harremana: «Bi hizkuntza ofizialak berdin-berdin erabiltzeko eskubidea izango dute, nola Eusko Legebiltzarrekiko beren harremanetan hala beren eginkizunak betetzean».
Ekainaren 21ean eman zion Kalparsorok 2010eko memoria Arantza Kiroga Eusko Legebiltzarreko lehendakariari, eta, bide batez, txostena Justizia Batzordean aurkezteko eskaera egin zuen. Kirogari emandako txostena gaztelania hutsean zegoen, legebiltzarreko webgunean ikus daitekeenez, eta horixe izan zen, hain justu, legebiltzar taldeek jaso zuten agiria: elebakarra.
«Askatasunean» hautatu
Aralar eta EAko legebiltzar taldeek eskaerak egin dituzte hilabete honetan —urriaren 10ean Aralarrek eta 11n EAkoek— Kalparsororen agerraldia atzeratzeko galdetuz. Eskaera horietan, Mikel Basabe eta Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideek honela eskatu zuten: «Zein hizkuntza ofizialetan lan egin nahi dugun askatasunean hautatzeko aukera dugun arte».
Nolanahi ere, atzoko eguneko planak bere horretan jarraitu zuen; Joana Madrigal PSE-EEko legebiltzarkide eta Justizia Batzordeko presidenteak argi utzi zuen ez zituela kontuan hartu agerraldia beste baterako lagatzeko eskariak.
Euskarak Eusko Legebiltzarrean duen «gutxiespena» salatu du Aralarrek gertaera honen ondorioz, eta, gainera, nabarmendu du horrelako jazoerak ez direla ezohikoak izaten. Poliziaren Legearen memoria eta beste hainbat agiri gaztelania hutsean baino ez daudela kritikatu du, eta ohartarazi horrek nabarmen zailtzen duela parlamentuko jarduna euskaraz egitea.
Euskaraz lan egitea eragoztea egotzi dio Aralarrek Eusko Legebiltzarrari
EAEko Fiskaltzaren memoria aurkeztu dute, gaztelania hutsean; EAk eta Aralarrek atzeratzea nahi zuten, itzuli arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu