Bi erakundeen arteko lankidetza 2006an hasi zen, eta hamar urtean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 480.800 euro jarri ditu egokitzapen proiekturako. Aurten, lan hori gauzatzeko, 44.000 euroko funts bat eratu dute. Kopuru horren %35 ONCEk jarri du (15.400 euro), eta %65 (28.600 euro), Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak.
Datuok Juan Carlos Andueza ONCEko lurralde ordezkariak, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Ana Davila ONCE Euskadiko zerbitzuburuak eskaini dituzte.
Baztarrika: "Aukera berdintasuna da, zalantzarik gabe, gizarte demokratiko baten oinarria. Aukera berdintasuna gizarte esparru guztietan; eta gauza bera, aukera berdintasuna, hizkuntza kontuetan ere, aukera berdintasuna hizkuntza aukeratzerakoan ere. Beste pauso bat gehiago ematen dugu ONCE eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzarekin ikusmen urritasuna duten herritarrei beren irakurketetan euskara aukeratzeko “aukera” zabaltzen jarraitzen dugulako, duela 11 urte hasiera eman genion bidean aurrera”.
Anduezak esan du aurkeztutakoa ez dela "gastu bat, inbertsio bat" baizik: "Inbertsio bat da ikusmen ezgaitasuna duten pertsonek euskarazko liburu egokituak eskuragarriago izan ditzaten. Egia esan, eskari handia daukagu".