2015eko Aste Nagusirako egitaraua aurkeztu berri du Bilboko Udalak. Aurreko urteko aurrekontua mantenduz, “publiko guztientzako” 300 ekitaldi baino gehiago iragarri dituzte bederatzi egunetarako. Musika Aste Nagusiko “bereizgarri” izanik, zortzi agertokitan banatuko dituzte kontzertuak, baina musika garaikideko hiru euskal talde baino ez dira taulara igoko: Vendetta, Tea Party Dj's eta Anne Etxegoien; azken hori Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin. Horiez gain, Egan, Lisker eta Drindotsek ere euskaraz kantatuko dute. Hortik aurrera, ezer gutxi. Los Suaves, Los Secretos eta Lori Meyers taldeen emanaldiak dira azpimarragarrienak, eta Europa parkeko agertokian gazteentzako taldeak arituko dira lau egunez.
Aurtengo berritasun nagusia suen erakusketa didaktikoa izango da; izan ere, XXV. Nazioarteko Su Artifizialen Lehiaketa izango da jada, eta suei buruzko ezagutza zabaldu nahi dute, jendeak are gehiago goza dezan gauero.
Gainerakoan, Bilboko Udalak antolatzen duen egitarauan betiko ekitaldiak ere izango dira. Bilborock pop rock erakustaldia, bilbainadak, herri kirolak, antzerkia, bertsolariak eta pilota emanaldiak. Hori guztia ohi baino astebete beranduago hasiko den Aste Nagusian. Hain zuzen, aurten abuztuaren 22an hasiko dira Bilboko jai nagusiak, eta 30ean amaitu.