HEZKUNTZA

Euskarazko haur eskolen aurkako epaia "kontraesankorra" dela uste du Asironek

Iruñeko bi haur eskolatan euskarazko eredua jartzearen aurkako epaia berretsi du Nafarroako Auzitegiak, Iruñeko Udalaren helegitea atzera botata. Udalak haur eskolen eskaintza "zeharo aldatu zuela" argudiatu dute epaileek.

Nafarroako auzitegia. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2017ko abenduaren 12a
18:59
Entzun

Administrazioko Auzietarako Salak bertan behera utzi du Iruñeko Udalak jarritako helegitea, eta berretsi egin du Iruñeko 2 zenbakiko epaitegiak iaz kaleratutako ebazpena. Hala, aretoko magistratuek ontzat jo dituzte lehen instantziako epaileak emaniko argudioak: "0-3 urteko zikloko eskaintzan aldaketa nabarmenak ezarri zituen Iruñeko Udalak, bai antolaketan, bai plangintzan, eta ez berrantolaketa soil bat".

Besteak beste, euskarazko ikaspostuak 164tik 408ra gehitu izana eta gaztelaniazko eta gaztelania-ingelesezko 255 postu kendu izana nabarmentzen dute. Epaileen arabera, hori ez da Iruñeko Udalaren eskuduntza, Hezkuntza Departamentuarena baizik.

Epaia ezagutu eta berehala, presazko agerraldia egin du Iruñeko Udaleko gobernu taldeak. Han izan dira Joseba Asiron alkatea eta lau talde politikoetako ordezkariak. "Iaz hartutako erabakiari eta eginiko aldaketei irmo eutsiko diegu", azpimarratu du Hezkuntza zinegotzi Maider Belokik: "Udalera heldu ginenean, bi eskolatan soilik eskaintzen zen euskarazko lerroa, eta biak auzo berean zeuden. Udalak 30 urte zeramatzan eskaintza hori aldatu gabe. Guk  planteamendu osoagoa eta orekatuagoa egin genuen, eta hori berretsi nahi dugu".
Joseba Asiron alkateak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die haur eskoletako familiei, eta nabarmendu du epaiak ez duela haientzat eraginik izanen: "Dagoeneko bukatua den ikasturte bati eragiten dio soilik epaiak, iazkoari. Salaketa jarri zuten familiei balizko kalteordain bat pagatu beharra, hori izanen litzateke ondorio bakarra, baina horrek ez du aurtengo matrikulazioa baldintzatuko, ezta hurrengo urteetakoak ere".
Alkatearen esanetan, Iruñeko Udalaren zerbitzu juridikoek "harriduraz" hartu dute Nafarroako Auzitegiaren ebazpena, "kontraesankorra" delakoan: "Haur eskolena borondatezko zerbitzu bat izanik, epaileek onartzen dute Iruñeko Udala libre dela eskaintza egiteko ala kentzeko, baina aldi berean, ez diote askatasunik aitortzen borondatezko eskaintza hori moldatzeko. Hori kontraesan bat da".

Asironek gaineratu du epaiari helegitea aurkezteko aukera aztertzen ari direla udalaren abokatuak uneotan. "Datozen egunetan hartuko dugu erabaki bat".

2016ko LEPan ere, protagonistak

Antonio Rubio Perez, Maria Jesus Azkona Labiano eta Mercedes Martin Olivera magistratuek sinatu dute ebazpena. Ez da euskararen aurkako erabaki bat hartzen duten lehen aldia. Iazko azaroan, euskarazko hainbat irakasle posturen lan eskaintza bertan behera utzi zuten Rubiok eta Martinek, Afapna sindikatuaren salaketa ontzat emanda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.