Ttipi-Ttapa telebistako zuzendari Joxe Manuel Irigoienek azaldu duenez, Nafarroako Gobernuaren diru laguntzen murrizketa izan da hedabidea ixteko arrazoietako bat. Krisi orokorraren eraginez publizitate gutxiago egotea eta Lurreko Telebista Digitalerako Nafarroako Gobernuak lizentziarik ez eman izana dira beste arrazoi batzuk. «Arazo estrukturala izan da, hala ere, orain arte telebista finantzatzeko bitarteko gehiago zeuden; diru laguntzak, kasu».
Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Xabier Azanzak, aldiz, iragarri du otsailean arazoa konponduko dutela. «Euskarazko komunikabideak lagundu behar ditugula argi daukagu, eta 9.567 euro bakarrik ematea gaizki dago; Euskararen Legeak, gainera, argi esaten du Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideak lagundu behar dituela», gehitu du. Ondorioz, une honetan Hezkuntza Departamenduan dirua nondik atera ikertzen ari dira, «aukerak aztertzen». Gainera, urte honetako lehen seihilabetean egin nahi du Euskarabideko zuzendariak deialdia, lehenbailehen. «Oraingoz, ordea, ziur dakidan gauza bakarra da hori lortzeko lan eginen dudala», adierazi du.
Azanzaren hitzek «pixka bat» lasaitu dute Xorroxin irratiko Fermintxo Gartxitorena. «Baina ikusi behar hori zertan geratzen den», erantsi du Baztango irratiko arduradunak. «Ez dugu ulertzen zer egiten ari diren, gauzak hain argi badaude, zergatik ez zituzten diru laguntzak hasieratik onartu aurrekontuetan?». Ultzamako Pulunpe aldizkariko eta Esan Erran irratiko Felix Altzelaik ere Gobernuak diru laguntzekin egiten ari dena salatu du. «Ezin diogu urte oso bati aurre egin jakin gabe zer diru laguntza izanen dugun. Ezin gara beti horren esperoan egon». Guaixe astekaria eta Beleixe irratia biltzen dituen Sakanako Bierrik elkarteko Garbiñe Petriatik ere, tesi bera defenditu du: «Etengabe zalantzan ezin gara bizi».
Igerabide Ttipi-Ttapakoak gaineratu duenez, hedabideei diru laguntza gutxitzeak «ez du inongo aitzakiarik». «Euskarabidean gainerako diru laguntzak %50 murriztu dira, eta hedabideena %96 murriztea parekorik ez duenerabakia da; Gobernuak nola tratatzen gaituen ere ez du parekorik».
Aurreko urteetan banatutako kopuru antzekoa banatu nahi du aurten ere Azanzak. Iaz 310.000 euro zeuden aurreikusita, ekainean diru sail hori izoztu zuen Gobernuak, eta abenduan desblokeatu zuen, eta 240.000 eurotara jaitsi. «Orduan dirua desblokeatzea lortu bagenuen, orain ere diru saila handitu dezakegula uste dut», esan du Azanzak. Altzelaik, ordea, iaz, Gobernuak emandako hitza bete besterik ez zutela egin adierazi du. «Salbatzaileak balira bezala aurkezten dute euren burua, baina aurrekontuetan agertzen zena bete besterik ez zuten egin, eta, gainera, aurreikusitakoa baino 70.000 euro gutxiago banatu zuten».
Beste diru iturri batzuen bila
Egoerak okerrera egin heinean, hedabideetako arduradunak burua hausten ari dira beste diru iturri batzuk bilatzeko. Esaterako, Ametsa Kultur Elkarteak-Pulunpe eta Esan Erran kudeatzen du- publizitatearen bidea jorratzea dauka buruan. Izan ere, orain arte ez dute finantzabide hori erabili. «Beste instituzio eta erakunde batzuei laguntza eskatzea ere beste irtenbide bat izan daiteke, eta bazkide berriak bilatzea», esan du Altzelaik. Eta horrek guztiak funtzionatzen ez badu, ez du Ttipi-Ttapak hartu duen bideari segitzea baztertzen: alegia, indar guztiak hedabide batean biltzea, irratia edo aldizkaria itxita.
Sakanako Guaixe astekarian ere dagoeneko hasi dira neurriak hartzen. Petriatik, astekariko arduradunak, jakitera eman duenez, herrietako udalei laguntza eskatu diete, astekariaren banaketa gastuak herri bakoitzak ordain ditzan. «Jada udal batzuek eman dute baiezko erantzuna», azaldu du Petriatik. Guztira, Guaixe-ren banaketa gastuak 30.000 eurokoak dira urtean.
Xorroxin irratia ere hasi da diru sarrerak eskuratzeko bide berriak bilatzen eta asmatzen. Zozketa berezi bat prestatzen ari dira eta gaupasa bat antolatzen. «Handik edo hemendik dirua lortu beharko dugu», adierazi dute arduradunek.
Nolanahi ere, oraingoz hedabideek eutsi eginen diote. «Urtea zorrekin bukatu genuen, eta hasi berri dugun honetan are estuago ibiliko gara», esan du Altzelaik.«Guk gure lanarekin jarraituko dugu, eta baita gure eskaerekin ere», esan du Gartxitorenak.
Duela hilabete, Parlamentuan izan ziren 31 hedabideetako ordezkariak, elkarlanerako prest. Gobernuarekin eta alderdiekin lan talde bat osatzeko eskatu zuten, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. «Hitz politak jaso genituen, baina erantzunik ez; ezin gara etengabe ezegonkortasunean bizi», esan du Petriatik.
Baztango Xaloa telebistari ez diote eman Lurreko Telebista Digitalaren lizentzia
Gaurtik aurrera, Ttipi Ttapa telebistak emanaldiak etenda,Baztango Xaloa telebista izanen da euskara hutsean izango den Nafarroako telebista bakarra. Joseba Igerabide Xaloako arduradunak esan duenez, telebistak 12 urte darama funtzionatzen, eta oraingoz ere jarraituko du, egoera ekonomikoa «ona» ez bada ere. Diru laguntzen arazoaz gainera, Xaloak beste erronka bat du aurrean: Lurreko Telebista Digitalean lizentzia eskuratzea. Izan ere, Igerabideren iritziz, «akats handia» egin du UPNko gobernuak iparraldea LTDren eremuetatik kanpo utzita. Hori dela eta, telebista digitalaren lizentziarik ez dio eman Gobernuak Xaloari (Ttipi-Ttapari ere ez zion eman). Arazoa konpontzeko, laster Gobernuarekin bilduko dira Xaloako arduradunak. «Borondate politiko pixka batekin erraza da gure egoera konpontzea».%0,28
Euskarazko hedabideetan Nafarroako Gobernuak jarritako publizitatea. Nafarroako Gobernuak iaz 1,7 milioieuro gastatu zituen publizitate instituzionalean, eta horietatik 4.851 euro bideratu zituen euskarazko medioetan agertzeko, hau da, guztiaren %0,28.Zer dio Nafarroako Euskararen Legeak?
1986tik aldatu gabe indarrean dagoen Euskararen Legearen hirugarren tituluaren 27. artikuluak dio Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideak sustatzeko beharra daukala. Gobernuak komunikabide horiei beharrezko material eta laguntza ekonomikoa eman behar diela ere zehazten du legeak.Zer dio Europako Batzordeak hedabideei buruz?
Hizkuntza Gutxituen Gutuna betetzen den jakiteko,Europako Batzordeak aurreko abenduan bigarren txostena eman zuen argitara, eta Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideekin duen tratuak kezkatzen duela adierazi zuen.Euskalerria irratiaren egoera ere aipatu zuen.30
Hedabide kopurua. Nafarroan euskaraz diharduten 30 komunikabide daude; 11 aldizkari, sei irrati, hamabi agerkari digital eta orain arte, bi telebista, Ttipi-Ttapa telebistak emanaldiak etengo baitu gaur. Guztira, hedabideek 2.061.320 euroko aurrekontua dute.Astelehenean Topagunea Euskarabidearekin bilduko da
Astelehenean Topagunea euskara elkarteen federazioa Euskarabideko arduradunekin bilduko da. Bilkura beste gauza batzuk lantzeko izanen bada ere, hedeabideen egoera ere jorratuko dutela esan du Oskar Zapata Topagunekoak. Izan ere, euskarazko hedabide gehienak Topagunean biltzen dira.Baliteke ekainetik aurrera ETB ezin ikustea Erriberan
Nafarroan LTDan ETB ikusteko, Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua heldu den asteazkenean bilduko diraA. Alvarez Iruñea
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak akordiorik egiten ez badute, Nafarroan ezin izanen da ETB ikusi, seinalea ez baita LTD Lurreko Telebista Digitalaren bidez iristen. Erriberan, gainera, ekainaren 30etik aurrera ez da kate hori ikusiko, orduan izanen baita eremu horretan itzaltze analogikoa. Zehazki, Tuterara eta beste 44 udalerritara seinalea igortzen duten telebista hedagailu analogikoak itzaliko dira. Nafarroako gainerako tokietan, berriz, 2010eko apirilaren 3an izanen da itzaltzea.
Hitzarmena egiteko baldintza, bestalde, Eusko Jaurlaritzak Nafarroaren «identitatea errespetatzea» izanen da, Nafarroako Parlamentuak iazko martxoan egindako osoko bilkura batean horrela zehaztu baitzuen PSNren mozio bat onarturik. Identitatea errespetatzeko baldintza UPNk eta CDNk gehitu zuten mozioan.
Nafarroako Gobernuko Bozeramailearen Komunikazio bulegoko zuzendari Joaquin Ortigosak jakinarazi duenez, heldu den asteazkenean bilduko da Eusko Jaurlaritzako Bozeramailearen kabineteburuarekin, Edurne Basoarekin. Eusko Jaurlaritzakoiturriek ere baieztatu dute harremanetan direla Nafarroako Gobernuarekin.
Ortigosak adierazi duenez, Nafarroako Gobernuak iazko apirilaren 23an gutun bat helarazi zion Jaurlaritzari Nafarroan LTDaren bitartez ETB ikusteko hitzarmen bat sinatzeko prestasuna agertuz, eta Jaurlaritzak azaroan eman zuen erantzuna. Aurreko astean jarri ziren berriro harremanetan, eta asteazkeneko bilera adostu zuten.
Nafarroako Gobernua ETB Nafarroan ikustearen «alde» dagoela nabarmendu du Ortigosak. «Lehenago ez bada egin Jaurlaritzaren erantzunaren zain egon garelako izan da», gehitu du.
Hitzarmena laster egin badute ere, uztaila baino lehen ez da denbora askirik izanen aparatu guztiak egokitzeko, Ortigosak azaldu duenez. Erriberan, beraz, denbora batez behintzat ezin izanen dute ETB ikusi, satelite bidez --dirua ordainduta-- ez bada.
Nafarroan ETB LTDan ikusi ahal izateko prozedura multiplex sistema jartzea da, Nafarroako Ikus-entzunezkoetako Kontseiluko zuzendari Borja Morak esplikatu duenez. Sistema horren bitartez erkidegoek telebista kate lokalak trukatu ditzakete.