Filipettiri emandako gutunean, Interneten diharduten euskarazko hedabideek —Ipar Euskal Herriko Hitza-k eta Kazeta-k— "diskriminazioa" jasaten dutela kritikatu du kolektiboak. Halaber, salatu du Frantziako Gobernuak ez dituela onartu hizkuntza gutxituren bat darabilten komunikabideak "informazio orokorreko" hedabide gisara.
FIPAra abiatu aitzin, Filipetti Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux diputatuekin batzartu da FR3 Euskal Herri, euskarazko emankizunak pairatzen dituen murrizketez hitz egiteko. Alauxek eta Capdeviellek azaldu dutenez, ministroak agindu du kate publikoko zuzendaritzarekin hitz egingo duela egoera bideratzeko. "Ministroak eskualde hizkuntzak zerbitzu publikoa ematen duen tokiko telebistan sustatzeari agerturiko engaiamendua" nabarmendu dute deputatu sozialistek bilkura ostean plazaraturiko agirian.
Gainera, Filipettik baieztatu du batzordea martxan jarriko duela Asanblea Nazionalean Europako Eskualdeko Hizkuntzen Karta izenpetzeko bidean egin beharreko lanak egiteko —bereziki lege aldaketak—. Jean-Jacques Urvoas izanen da batzorde horren burua.