Hezkuntza

Euskarazko irakaskuntzarentzat baliabide gehiago eskatu dituzte hiru sareek Baionan

Bi mila lagun inguruk parte hartu dute manifestazioan. EEP Euskararen Erakunde Publikoaren bulegoaren atarian amaitu dute, Frantziako Hezkuntzak erakunde horri emandako engaiamenduak ez dituela bete salatzeko.

2007ko apirilaren 7a
18:27
Entzun
Ordu erdiko atzerapenez, 15:30etan, abiatu da Baionako Lauga aretoaren ataritik euskarazko irakaskuntzarako baliabide gehiago eskatzeko, eta bidenabar, Frantziako Hezkuntzari haserrea adierazteko Hiru Saretak antolatutako manifestazioa. Irakaskuntzako hiru elkarte batzen ditu egitura horrek: Seaska (ikastolak), Euskal Hazia (eskola kristauak) eta Biga Bai (eskola publikoak).

Hiru Saretak salatu nahi izan du Frantziako Hezkuntzak ez dituela errespetatu EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin hartu zituen engaiamenduak: 2006ko abenduan onartu zuten hizkuntza politikan euskarazko murgiltze ereduaren eta eredu elebidunaren garapena aipatzen ziren argiki. Baina hori gauzatzerakoan, euskarazko irakasleen kopurua murriztu egin du Eskola Kartan.«Erabaki du lanpostuak kentzea 27 eskola publikotan. Eredu elebidun katolikoa emendatu arren, ez du baliabide gehiagorik eta Seaskari zazpi lanpostu eta erdi kendu dizkio», salatu izan du Ixabel Xarriton Seaskako lehendakariak.

Azken batean, Frantziako Hezkuntzak joko bikoitza daramala uste dute: batetik, EEPren baitan euskararen aldeko plangintza osatzen dutelako, baina errealitatean euskarak dituen beharrak ukatzen dituelako, baliabideak ez emanez.Hori guztia dela eta, EEPren bulegoaren atarian amaitu dute manifestazioa. Murrizketa horiek salatu eta euskarazko irakaskuntzarako baliabideak eskatu dituzte beren mintzaldietan Xarriton Seaskako buruak, Leslie Barraquet Euskal Haziakoak, eta Josiane Libier Biga Baikoak.

Gainerakoan, jai giroan joan da manifestazioa Baionako karriketan. Zanpantzar joan dira lehenik bidea zabaltzen. Ondoren Elgarrekin euskararentzat jartzen zuen pankarta, eta Biharko bizia euskaraz idatzia zuen beste bat. Atzetik, bi mila herritar inguru eskari horiekin bat egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.