KomuNIKABIDEAK

Euskarazko Komunikazio Taldeak ekonomiaren eta hedabideen krisiei aurre egiteko "erronka handia" du

Gaur egun du EKTk akziodunen ohiko batzarra, eta ontzat jo dituzte iazko kontuak. Taldea "sendo" dago, baina etorkizuneko erronkak direla-eta "kezka" agertu du. Komunikabideei buruzko gogoeta abian du. Eusko Jaurlaritzari diru laguntza politika aldatzeko eskatu dio.

2009ko ekainaren 6a
19:04
Entzun
Euskarazko Komunikazio Taldeak (EKT) "sendo" bukatu zuen 2008. urtea -irabazi txiki batekin-, baina "kezkaz" begiratzen dio etorkizunari, "erronka handiak" dituelako. Izan ere, beste hedabideek bezala, EKTk aurre egin beharko dio krisiari. Krisi bikoitzari, Jose Antonio Lizarribar administrazio kontseiluko lehendakariak gaur akziodunen batzarrean azpimarratu duen bezala: "Bi krisi bizi ditugu bete-betean. Lehena, guztioi eragiten digun krisi ekonomikoa. Bigarrena, berriz, hedabideen krisia, Internetekin eta gizartean gertatzen ari diren aldaketekin batera etorri dena, eta krisi ekonomikoarekin indartu dena. Labur esanda, hau da gure eta hedabide ororen arazoa: ohiko hedabideen diru sarrerak behera doaz -salmentak eta publizitatea- eta euskarri tradizionalak interesa galtzen ari dira gizartean -batik bat, prentsa-, Interneten alde. Baina Interneten arazo bat dago: hedabideek ez dute topatzen bideragarritasun ekonomikorako aukerarik".

Joan den urtetik dator krisi ekonomikoa, eta EKTk 2008a irabazi txiki batekin -40.282 eurokoa- bukatzea ona dela esan du Joanmari Larrarte kontseilari ordezkariak. "Baina 2009ko egoera ez da hain baikorra". Taldeak galerekin bukatzea aurreikusi du eta, egunkari salmentaz eta publizitateaz gain, bestelako diru sarrerak "indartu eta handitu" besterik ez daukala azpimarratu du -administrazio zerbitzuak, banaketa, hizkuntza, diseinua, zerbitzu komertzialak, salmentarako plataforma…-, "EKTk hazten jarraitzen duelako. Esaterako, 2008an lehen aldiz aurrekontua hamabi milioi eurokoa baino handiagoa izan zen".

Andoainen (Gipuzkoa) egin dute EKTko akziodunen urteko ohiko batzarra, gaur 10:00etatik aurrera, eta horiek ontzat jo dituzte iazko kontuak. "Balantze kontsolidatuak enpresa taldearen finantza egoera sendoa dela erakusten du", adierazi du Lizarribarrek. Aurtengo kontuak ere azaldu ditu kontseiluak. Krisia dela-eta, EKTk jakinarazi du proiektu berriak abiatzean "tentu handiagoz" ibiliko dela.

Hedabideei buruzko gogoetan sartuta

Hedabideen krisia dela medio, Euskarazko Komunikazio Taldea gogoetan murgilduta dago, "norabidea argitu nahian eta bideragarritasun ekonomikoa lortzeko bideak lantzen", Larrarte EKTko kontseilari ordezkariak akziodunei esan dienez. "Ikusita joerak, prentsarekin zer egin, nolako egunkaria egin, Internet nola antolatu... Hori guztia dugu hizpide".

Talde barruan arduradunen eta langileen artean bilerak egiten dabiltza, eta jendaurreko hitzaldiak eta mahainguruak ere antolatu ditu EKTk.

Diru laguntza politika aldatzeko eskaera

EKTren ustez, diru laguntza publikoen politikan aldaketak behar dira, "urtetik urtera autofinantzaketan pausoak emateko gai garen arren, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldetik ez dagoelako ez EKT, ez sektorea indartzeko biderik".

Hala, Jaurlaritza berriari "eskari bat" egin dio EKTk gaurko batzarrean -orain PSE-EEren esku dago Kultura Saila, lehen EAJren esku-. "Aldaketarako gogoa badute, badute zer egokitu euskarazko hedabideei begira. Urteak daramatzagu egungo diru laguntza dinamika aldatzeko eskatuz, elkarlana eta hitzarmen dinamika baterako urratsa eskatuz. Oraintxe dute abagunea orain artekoa aldatu eta sektoreak eta euskararen normalizazioak ezinbesteko dituen aldaketak egiteko".

EKTko eskerrak eman dizkie taldeko langile guztiei, "egunez egun egiten duten ahaleginagatik", baita akziodunei ere, "proiektu honi ematen dioten sostenguagatik".

Sei urte EKTk

2003ko udaberrian sortu zuten Euskarazko Komunikazio Taldea, Espainiako Auzitegi Nazionalak Euskaldunon Egunkaria itxi ondotik. 24.000 akziodunetik gora dauzka EKTk, eta BERRIA egunkaria (CIESen azken datuen arabera, 64.000 irakurle ditu egunero Hego Euskal Herrian), BERRIA.INFO webgunea (15.000 bisitari egunero), Iragarri agentzia komertziala, Etxeraino banaketa enpresa, Jarduna administrazio enpresa eta Bertako Hedabideak herri informazio enpresa hartzen ditu.

Beste egitasmo batzuetan ere hartzen du parte, eragileekin elkarlanean: Hitza herri informazioan, iragarkilaburrak.com-en, Hamaika telebistan, Nora bidaia aldizkarian, euskal unibertsitate proiektuan…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.