Eusko Ekintza ezker abertzalearen eremuko alderdi politiko berriak Altsasun egingo du jendaurreko aurkezpen ofiziala, larunbat honetan. Astelehenean erregistratu zuten alderdia Espainiako Barne Ministerioan, zortzi lagunen izenean, eta lagun horiek egingo dute etziko agerraldia.
Behin-behineko zuzendaritzako kideak dira haiek, eta Eusko Ekintzaren ikur, xede, antolakuntza eredu eta jardunaren berri emango dute. Gure Etxea kultur etxean izango da ekitaldia, 12:00etatik aurrera.
Sortu alderditik kanpo eratu dute Eusko Ekintza. Besteak beste, ezker abertzaleko hainbat kide izandakok, EAko kide ohi batzuek eta eremu libertarioko zenbaitek osatuko dute, BERRIAk igandean argitaratu zuenez.
Alderdi berria ezker abertzalearen esparruan kokatu dute. "Kapitalismoa eta neoliberalismoa onartzen ez dugun hainbat sektorek bat egin dugu, sozialdemokraziatik kanpo".
Oraindik erakundeetan nola jardungo duten erabaki ez badute ere, haien kokapen naturala Euskal Herria Bilduren barruan ikusten dute sustatzaileek.