Eztabaidaguneetan "gizarteko alor guztietako iritziak" bildu direla nabarmendu dute Mario Zubiagak eta Beatriz Akizuk, Eusko Ikaskuntzako kideek, eta horiek guztiak kontuan hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari. Jaurlaritzak eskatuta, erakundeak herritarrei dei egin zien estatutu berrirako proposamenak egin zitzaten, eta horiekin osatu dute gaur autogobernu lantaldean aurkeztu duten txostena.
Zubiagak azaldu duenez, parte hartzaileek iritzi diote erabakitzeko eskubidea "elkargune" izan daitekeela, eta horretarako balia daitezke "Konstituzioa erreformatzeko zabalik dauden bideak". Txostenaren arabera, herritarrak bat datoz badagoela aukerarik estatus politikoa aldatzeko, herritarrek hala eskatuz gero, horiexek baitira "komunitate politikoaren oinarriak".
Akizuk, berriz, azterketa sakonago eta luzeago baten beharra nabarmendu du. Izan ere, jasotako iritziak larunbat goiz batean egindako eztabaidetan jaso ziren: "Halako ekimenak sistematizatzeak erraztu egingo luke etorkizun partekatu bat eraikitzeko aukera".
Orotara, 600 pertsonen iritzi eta proposamenak jasotzea zen Eusko Ikaskuntzaren helburua. Ordea, zehaztu dutenez, ekinbideak antolatzeko denbora gutxi izanik, 127 izan dira parte hartu dutenak. Dena den, jasotako iritzien kalitatea goraipatu dute bi ikerlariek.
Aurrekontuak, lantaldea gelditzearen truke
PPko buru Alfonso Alonso izan da proposamena egin duena: alegia, Alderdi Popularra EAEren "egonkortasun ekonomikoaz" hitz egiteko prest egongo litzatekeela, betiere, atzera egiten badu jeltzaleek estatutua berritzeko EH Bildurekin egindako akordioan.
Alonsoren iritziz, bi alderdiek adostutako hitzarmenak "arriskuan" jartzen du erkidegoa. "Autogobernurako lantaldea hilik dago, haren oinarriek Konstituzioa urratzen dutelako. Hemen daukaguna da EAJren eta EH Bilduren arteko akordio politiko bat autodeterminazio eskubidearen inguruan".
Kritiko agertu da Idoia Mendia sozialista ere bi alderdiek hitzartutako akordioa dela eta. Haren esanetan, itunak ez du gizartearen "aniztasuna" islatzen. "Ez dugu estatutu berria ideologiez tindatu behar, eskubidez, askatasunez eta berdintasunez, baizik. Alderdiek lan esko egin beharko dute ideologia guztientzat erosoa izango den testuingurua topatzeko".