Etxe kaleratzeak

Eusko Jaurlaritza "pertsonen intimitatea defendatzearen" alde, 'escrache'-ak direla eta

Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak esan du atzo ez zutela Donostiako elkarretaratzea debekatu, "distantzia batzuk ezarri" baizik.

urtzi urkizu
2013ko apirilaren 9a
13:03
Entzun

Etxe kaleratzeen aurkako protestak ugaritzen ari dira egunotan Euskal Herrian. Atzo, Donostian, Stop Kaleratzeak taldeak escrache informatibo bat egiteko asmoa zuen, Jose Eugenio Azpiroz PPko diputatuaren bulegoan. Baina Ertzaintzak debeku agiria bidali zion taldeari.

Eusko Jaurlaritzako sailburuorde Josu Zubiagak "pertsonen intimitatea defendatu" behar dela esan du gaur goizean Radio Euskadin. "Etxe baten aurrean elkarretaratze bat dagoenean beti daude sententziak, pertsonen intimitatea babesteko". Atzoko Donostiako debekuaren harira, nabarmendu du erabaki horietan ez dela baloratzen escrache bat den edo beste elkarretaratze bat den. "Elkarretaratzea ez zen debekatu, baizik eta distantzia batzuk ezarri ziren. Horrenbestez, manifestazio eskubidea bermatu zen". Stop Kaleratzeak taldeak ez zekien Azpirozek bulegoan bertan zuela bere bizitokia.

Lantokietan egin daitezkeen protesten inguruan, bestetik, Zubiagak esan du neurriak hartu beharko dituztela "pertsonek lana normal-normal egin dezaten". Izan ere, Bizkaiko Stop Kaleratzeak taldeak iragarri du datozen egunetan BBK-ko bulegoetan egingo dituela protestak. "Protesta eskubidea eta lan eskubidea bateragarri egin behar dira".

Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak, bestalde, honako hau esan du gaiaz: "Escrache-ak ez dira protestatzeko modurik egokiena. Alderdi politikoen egoitzetara protestan joatea eskubide bat da, baina politikarien etxeetara joatea ez".

Carlos Urquijo EAEko Espainiako Gobernuaren ordezkariak politikariak haien etxeetan "jazartzea" ez dela justua idatzi du artikulu batean: "Azken aldian politikariak gaizkiaren berraragitzea garela ematen du. Demokrazia eta erakundeak auzitan jartzea ez da ez justua ez ona".

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak esan du ulertzen duela alderdi politiko baten egoitzaren aurrean manifestazioak egitea. "Baina politikariak jazartzea onartezina da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.