Bi mila eta hamaika eta bi mila eta hamaseiepealdirako hitzarmen-markoa eta 2011. urterako balioko duen urteko hitzarmena prestatu eta sinatu zituzten joan den astelehenean, urtarrilak 31, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellek eta Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakari Max Brissonek. Hitzarmenaren bidez, euskararen inguruko hizkuntza politikarako gaietan bi erakundeek mugaz gaindiko lankidetza iraunkorra garatzeko egitasmoa berretsi zuten.
Hori hala, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak 2011-2016 epealdirako elkarlanerako lerro nagusiak finkatu dituzte. Euskararen transmisioa bermatzeko neurriak hartzea da helburua, eta, hala, azken urteetan Iparraldean euskarak izan duen norabidea itzultzea. Ildo beretik, euskararen presentzia garatu nahi da bizitza sozial publiko zein pribatuaren alor guztietan. Azken nahia, beraz, euskararen aldeko jarrera bultzatzea eta gizartearen atxikimendua azkartzea da.
2011. urteari dagokionez, berriz, zehaztuta daude dagoeneko hainbat lan-ildo. Hasteko eta behin, helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruan, hizkuntza-gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetza definitu eta antolatuko da. Gainera, jarraipenak eta ebaluaketak adierazle komunen bidez definitu eta antolatuko dira. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak, Euskararen Erakunde Publikoak eta EITBk hitzarmena sinatu dute ETB1 eta ETB3 Iparraldean hedatzen laguntzeko eta euskararen aldeko sentiberatasuna hedatzeko. Azkenik, V. Inkesta soziolinguistikoa aurrera eramango da eta bi erakundeetako zerbitzuen artean informazioa trukatuko da. Azken batean, Iparraldeko eragile pribatuen lana diruz laguntzeko 2011. urtean 1.600.000 euro jarriko dituzte bi erakundeen artean.
Bost ikasturtetan hirukoiztu egin da 'mintzapraktika' egitasmoetako parte-hartzaile kopurua
Eusko Jaurlaritzak, Topaguneak, AEK-k eta Aztikerrek mintzapraktika egitasmoaren eraginkortasuna neurtzeko egindako emaitzak aurkeztu zituzten joan den asteazkenean, otsailak 2, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian egin zuten prentsaren aurreko agerraldian. Oro har, balorazio positiboa egin zuten eta mintzalagunen kopuruak izan duen gorakada nabarmendu zuten. Izan ere, 2004-05 ikasturtean 1.041 lagun izatetik, 2008-09an 2.840 izatera pasa dira.
Mintzalaguna euskararen erabilera sustatzekoprograma da, euskaraz hitz egiteko ohitura daukaten pertsonak, euskaraz hitz egiten hasi nahi dutenekin elkartzen dituena. Gaur egun 50 mintzapraktika egitasmo baino gehiago daude martxan, 550 mintza-talde ingurutan elkartzen diren 2.800 lagunekin.
Euskararen erabilera sustatzeko ezinbestekoa da harreman-sare euskaldunak antolatu eta zabaltzea. Euskarak komunitate trinkoa eta zabala behar du. Mintzapraktika egitasmoak, hain zuzen, harreman-sare euskalduna trinkotzen lagundu nahi du, eta euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak eta euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenak elkartzeko aukera eskaintzen du. Horregatik da bereziki garrantzizkoa egitasmo honen ekarpena.
Parisen euskaraz
Eusko Jaurlaritzak eta Parisko Euskal Etxeak atzo sinatu zuten hitzarmenari esker euskara ikasteko aukera izango da Frantziako hiriburuan. Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Hervé Trinquet Parisko Euskal Etxeko lehendakariak euskara sustatzea helburu duen hitzarmena izenpetu zuten atzo hiriburuan bertan egiten ari diren Expolangues Azokan. Hala, Jaurlaritzak 10.000 euro bideratuko ditu Parisen euskararen ezagutza eta erabilpena bultzatzera.
Helburu hori lortzeko hiru ekintza bide jorratuko dituzte: a) Euskal Etxeetan euskararen irakaskuntzan ari diren irakasleen trebakuntza indartzea; b) Irakasle horiek materialez hornitzea bere eguneroko jarduna ahalik eta modu egokienean bideratzeko; c) Euskal Etxeetan ematen diren eskolak diruz laguntzea eta sustatzea.Lehenengo bi ekintza-bideak HABEren esku utzi ditu Jaurlaritzak.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak 2011-2016ko lankidetza hitzarmena egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu