Euskal Herriko portuetan 7.821 kirol ontzirentzako lekua dago. Jaurlaritzak aurreikusi dituen 750 amarraleku berriak eginez gero, 8.571. Eta Jaurlaritzak uste du oraingoz Bizkaiko eta Gipuzkoako eskaintza nahikoa izango dela.
«Ez dugu kanpo porturik egingo kirol itsasontziak sartzeko, dauzkagun azpiegiturak hobetuko ditugu», esan du Andoni Idoiaga Eusko Jaurlaritzako Portuen zuzendariak. «Ez dugu egingo, Mediterraneo itsasoaren kostaldean bezala, kirol portu bat itsasoari lekua janda eta kostaldean eragin handia izango duen interbentzioa eginda».
Kirol ontzientzako eskaintzak igoera nabarmena izan du urte gutxian: 1985eko amarraleku bakoitzeko gaur egun ia bost daude Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta mila lagun baino gehiagoko itxaron zerrenda dago Bizkaiko eta Gipuzkoako kirol portuetan, Donostian, Getarian eta Hondarribian batez ere. Bai ontzijabe batzuek ontziak lekuz aldatu nahi dituztelako, bai jendea amarralekua lortu zain dagoelako ontzia erosteko.
Lapurdin, ez dago toki librerik Hendaia, Ziburueta Angeluko portuetan. Hendaiar batzuek nahiago dute Gipuzkoara joan toki finko baten bila. Alabaina, Lapurdiko portuetan leku finko baten ukaiteko itxaroteko epea zazpi urtez gorakoa da.
Itsasontzi bat ukaiteko, portu batean lekua behar da. Gaur egun, Lapurdin ezin da leku finkorik lortu. Urte osoan betea da, eta pasaiako leku gutxi dago. «Badira bi urte portuak beteak direla», dio Hendaiako portuko langile batek. «Tokiko jendeak betetzen ditu leku gehienak. Eta pasaian etortzen direnak, gehienak ohikoak dira». Hendaiako portua urte osoan betea da, azken bi urteetatik hona. Beste portuak ere bai.
ANGELUKOA HANDITZEKO AUKERA.Angeluko portuak 425 toki ditu orotara, eta urtero 150 eskaera berri ukaiten dituzte. Jacques Veunac Angeluko auzapezordeak portuaren garatzeko aukera aztertzen ari direla argitu du. Nahiz eta Lapurdiko kostan, Bretainian eta horrelako lekuetan baino ohitura gutxiago izan itsasoan ibiltzeko, Veunacen arabera, badira urte osoan nabigatzen dutenak, arrantzara joateko edo belaontzi lehiaketetan parte hartzeko.
Portuaren garapenari begira, Aturrin kokatzea aukera gisa ikusten du. Portua Aturri bukatzen den gunean dago. Angeluko kirol portuko ontziak itsasora joateaz gain, Aturrin gaindi ibil daitezke, franko urrun. Aturriko turismoa oraindik gehiago bultzatzeko aukerak aztertzen ari dira. Portua handitzea, ur sakonera handitzea edota lehor aldean zabaltzea aztertzen ari dira.
Mutrikuren kasuan ezponda amaitutakoan erabakiko dute portuaren antolaketa, ea ezpondak itsasoaren indarrari eusten dion eta portua babesten duen ikusitakoan.
Andoni Idoiaga Eusko Jaurlaritzako Portuen zuzendariak nabarmendu du arrantza dela lehentasuna, «arrantzaleak arrantzatik bizi baitira»: «Jada eginda dauden portuetan arrantzarako ontziak gutxitzen badira, hutsune hori kirol ontziekin betetzen dugu. Ez alderantziz. Hori egin dugu Bermeon eta portu gehienetan. Bi jarduerak bateratu nahi ditugu, azpiegitura berak edo antzekoak erabiliz».
Ipar Euskal Herria eta Frantzia dira Eusko Jaurlaritzaren ereduak kirol portuen kudeaketan, haiei «kopiatzen» die.«Ez gaude Mediterraneora edo Espainiako portuetara begira». Euskoaquitaine elkartea ere sortu dute, Bizkaiko, Gipuzkoako, Lapurdiko eta Akitaniako (Frantzia) zenbait kirol portu biltzeko eta elkarlana bultzatzeko.
Ontzia erostea garestia da. Baita ontzia urte osoan mantentzea ere: erregaia, motorraren azterketak, ontzia pintatzea, asegurua, amarralekua...«Amarralekuagatik ordaindu behar dena gutxi gorabehera mantentze gastuetako bost eurotik bat da», zehaztu du Andoni Idoiagak.
Ez du uste nabigatzea udako kontua bakarrik denik, asko udan bakarrik ateratzen diren arren itsasora: «Ez pentsa udako kontua bakarrik denik. Ontzia benetan erabiltzen duenak urte osoan erabiltzen du eta erabili nahi duenak urte osoan erabil dezake».
############
Ontziak adina
erabiltzaile motaMotordunak. Belaontziak. Egun askotarako abiatu direnak. Egun-pasa egiten dutenak. Denetarik aurki daiteke kirol portuetan.
J.G. - E.B.
Getaria / Baiona
Goizeko hamarrak pasata dira Getariako (Gipuzkoa) kirol portuan. Zerua oskarbi dago, eguzkiak berotzen du jada, eta itsasotik haizekirri gozoa iristen da. Jende gutxi dabil Getariako kirol portuan. Itsasontziak ur gaineko ontziralekuetara lotzen dituzten soken intziriak entzuten dira etengabe. Gizon bat ontzi handi baten bizkarra garbitzen ari da eskuilarekin. Ontzia ez da berea: «Zuk uste duzu ontzi hau nirea balitz eskuilarekin lanean ariko nintzela?». Ontzia Karlos Argiñano sukaldariarena da. Bertan marraztuta dauka txantxangorria sukaldari kapelarekin.
Eulogio Genova aita-semeak Rebel belaontzian irteteko prestatzen ari dira. Egunotan aurrera eta atzera dabiltza ontziarekin. Hamabi euro ordaindu dute ontziarekin gaua Getarian pasatzeagatik. Rebel semearena da. Paseatzeko eta arrantzarako erabiltzen du batez ere. «Baita batzuetan Pasaiatik Donostiara lanera joateko ere».
Getarian ontzi motordun berriak gehiago dira, belaontziak baino. Ontzi guztien artean, baina, belaontzi handi bat ageri da: Kuluxka Berri. Ez da belaontzi soila, Jaizkibel itsasketa eskolakoa baizik. Iñaki Urkiak eta Josune Larrañagak patroi tituluak eskuratzeko ikastaroak eskaintzen dituzte 1999tik. Ikasgai teorikoak ikasgelan eta praktikoak Kuluxka Berri-n. «Gero eta ikasle gehiago ditugu», esan du Iñaki Urkiak.
Egunotan, ordea, oporretan daude. Ontzia Getariako kirol portuan amarratueta egun batzuk egingo dituzte bertan, Hondarribiko portura (Gipuzkoa) itzuli aurretik. Gurasoak hizketan ari diren bitartean, bi alabak atera dira ontzi barrutik, ohetik jaiki berriak.
Aurten Iñaki Urkia eta Josune Larrañaga Grezian izan dira ekainaren 23tik uztailaren 12ra, nabigatzen. Belaontzi bat alokatu eta bi talde eraman dituzte belaontzian.Urkiak ez du uste ontzien alokairuak Euskal Herriko kostaldean arrakastarik izango lukeenik: «Hemengo eguraldiarekin eta itsasoarekin planteamenduak ezin du izan Mediterraneo itsasoaren parekoa. Han ontzia aloka dezakezu urtean hogei bat astean. Hemen, ez».
Nabigatzea gero eta jende gehiagoren eskura dagoela nabarmendu du, ez dela garai batean bezain elitista.
Gorka Alberdi eta Asier Aranburu zarauztarrak Ibaia prestatzen ari dira, arrain txikiak harrapatzera ateratzeko. Gustura daude Getariako kirol portuak eskaintzen dien erosotasunarekin eta zerbitzuarekin. 360-480 euro ordaintzen dute urte osoan.
«Ontzi gehienak oso gutxi ateratzen dira itsasora», dio Gorka Alberdik. Jaizkibel itsasketa eskolako Iñaki Urkiak ere hala uste du: «Lau ontzitik hiru udan bakarrik erabiltzen dira».
Pierre-Michel Haas eta Maddeleine Socie Capbretondik (Frantzia) iritsi dira Getariara. Gibraltar dute oporretako helmuga.
JAISTEA, ZAILA. Serge Markovitch joan den igandean iritsi zen Hendaiako portura. Lehenago deitu zuen, tokirik bazegoen jakiteko. Baietz erantzun zioten. Bi egun lehenago Ziburuko portura (Lapurdi) deitu zuen. Egunean bertan berriz deitzeko erantzun zioten, tokirik ba ote zen ziurtatzeko. Ez zegoen. «Ziburuko portuan arras leku gutxi dago pasaian dabilenentzat. Hendaian anitzez gehiago daude».
Iparraldetik datozen nabigatzaileentzat, Lapurdi ez da gune erraza. Gutxi jaisten dira, beraz, Bordeletik (Frantzia) behera. «Bordeletik Zibururaino edo Angeluraino ez dago beste portu egokirik. Arcachonera (Frantzia) sartzea arriskutsua da, maiz. Landetako kosta zeharkatzea zaila da, eta eguraldi txarrarekin, ezinezkoa. Horregatik, asko ez dira ausartzen honaino etortzera». Udan errazago da, baina neguan ia ezinezkoa.
Hendaiako eta Ziburuko portuetara hel daiteke edozein garaitan. «Baina itsaskia dago maiz. Ez da gune erraza eguraldi txarra dagoenean. Hemen ez dago gune bat urte osoan gaindi ibili ahal izateko». Bretainiakoa da Markovitch. Morbihango badian dauka ontzia. Han aiseago ibil daiteke urte osoan, badia oso zabala baita. Finlandian, Irlandan, Eskozian eta Mediterraneoan barna ibilia da. Atlantikoa ere zeharkatu izan du. Lapurdira heltzeko zailtasuna aipatzean, badaki zertaz mintzo den.
############
Greenpeacerentzat,kirol portu guztiakez dira txarrak
Ohikoa da kirol portuak puntu beltzak izatea Greenpeaceren kostaldeen egoerari buruzko txostenetan. Aurtengo txostenean, esaterako, hiru aipamen daude: Hondarribiko kirol portuan (Gipuzkoa) 200 amarraleku gehiago eskaintzeko proiektua; Orion (Gipuzkoa) zabaldutako kirol portua; eta Mutrikuko portuko obrak (Gipuzkoa), non tartean kirol portu bat egiteko asmoa duten.Hala ere, Maria Jose Caballero Espainiako Greenpeaceren Kostaldeen arduradunak onartu du kirol portuak beti ez direla azpiegitura txarrak:«Berez, kirol portua ez da azpiegitura txarra, kostaldean bertan egin beharrean kostatik babestutako lekuren batean egiten bada». Kostaldea suntsitzen ez bada, funtsean.
Eta itsasontziek eragiten duten kutsadura kontrolatzen bada. «Itsasontzi guztiek sortzen dute kutsadura: biltegiak garbitzen dituzte, ur zikinak eta hondakinak botatzen dituzte».
Caballeroren iritziz, Eusko Jaurlaritzak ez dauka argi zenbat amarraleku behar diren Bizkaian eta Gipuzkoan. «Ezta Mutrikuko kirol portua zertarako eraikitzen ari den ere». Greenpeaceko ordezkariak uste du kirol portuen eraikuntza geratzeko unea iritsi dela. «Klima aldaketari buruz hitz egin behar da. Kantauriko kostaldea izango da kaltetuenetako bat».
############
«Gero eta ikasle gehiago ditugu. Hala ere,lau ontzitik hiru udan bakarrik erabiltzen dira»
IÑAKI URKIA
JAIZKIBEL ITSASKETA ESKOLAKO IRAKASLEA
############
«Ez dugu egingo, Mediterraneoko kostan bezala, kirol portu bat itsasoari lekua janda»
ANDONI IDOIAGA
EUSKO JAURLARITZAKO PORTUEN ZUZENDARIA
############
«Landak zeharkatzea zaila da. Horregatik, asko ez dira ausartzen honaino etortzera»
SERGE MARKOVITCH
itsasturi bretainiarra
############