Txinan jatorria duen koronabirusaren aurrean, ez dela aparteko prebentzio neurririk behar esan du Enrique Peiro Gaixotasun Infekzioso Berrien Aholku Batzordeko presidenteak. Gaur bildu da batzordea, egoera aztertzeko, eta lasaitasun mezua zabaldu dute. «Eusko Jaurlaritza eta Osakidetza erne daude», ziurtatu du Peirok. Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak ere lasaitasun mezua igorri die herritarrei.
Orain arte eskuragarri dauden datuak eta gaixotasun mota horiei aurre egiteko dituzten tresnak aztertzeko elkartu da batzordea. Protokolo bat dagoela esan du Peirok, eta kasuren bat atzemanez gero, profesionalek gida gisa erabili dezaketela.
Aurrerantzean ere, batzordea «erne» egongo dela azpimarratu du: «Etengabe harremanetan egongo gara, aste honetan bezala, informazio fidagarria eta gaurkotasunezkoa izateko, bilakaera jarraitzeko eta izango duen irismena ikusteko».
Oraingoz, Euskal Herrian ez da koronabirusaren kasurik atzeman. Mundu mailan, ordea, alarmak piztu ditu, dagoeneko 26 lagun hil eta 830 kutsatu baitira Txinan. Handik at ere zabaldu da birusa, eta dagoeneko sei herrialdetan topatu dituzte kutsatuak, besteak beste, Japonian, AEBetan, Thailandian eta Hego Korean.