Transexualek administrazio agiri «egokia» izango dute sexua berriz esleitzeko prozesuak irauten duen bitartean, eta, horretarako,egiaztagiriak banatuko ditu Eusko Jaurlaritzak talde horretako pertsonen artean. Transexualak «prozesu osoan hobeto integra daitezen sustatzeko eta sufrimendu eta diskriminaziorik jasan ez dezaten» banatuko ditu Jaurlaritzak egiaztagiriak. Berregokitze prozesua amaitu eta behin betiko nortasun agiria lortutakoan, administrazioak deuseztatu egin beharko ditu ebakuntza aurreko sexu egoerari eta transexualitateari erreferentzia egiten dioten agiri guztiak, Osakidetzakoak izan ezik.
Genero nortasunarengatik ez baztertzeari eta transexualen eskubideak bermatzeari buruzko lege proiektua onartu zuen atzo Eusko Legebiltzarrak, eta arau horretan jasotako neurrietako bat da ziurtagiriak banatzea. Alderdi guztiek bozkatu zuten lege proiektuaren alde, baina emendatutako hainbat artikuluren kontrako botoa eman zuen PPk.
Aspaldiko eskaera zen transexualen eskubideak bermatzea; Nafarroak 2009ko azaroaren 12an onartu zuen Transexualitatearen Legea. Atzo Eusko Legebiltzarrean onartutakoaren arabera, informazio, orientazio eta aholkularitza zerbitzuak eskainiko zaizkie transexualei eta haien senideei. Gainera, Osakidetzak Gurutzetako erietxean (Bizkaia) duen transexualitatearen erreferentziazko unitatea «indartu» egingo da legearen bitartez. Tratamendu hormonalak eta ebakuntzak eskainiko ditu osasun zerbitzuak. Orobat, lan eta hezkuntza alorren gaineko hainbat neurri jasotzen ditu lege onartu berriak; esaterako, transexualen kontratazioa bultzatzeko planak martxan jartzea.
Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak adierazi duenez, «legedian oraindik ere egon daitezkeen diskriminazioak gainditzea» nahi dute arau berriaren bidez, eta erantsi du legearen ardatz nagusia dela «giza borondatea edonolako kontsiderazio fisikori gailentzea».
Manifestazioak hiriburuetan
Legebiltzarrak ez zuen edozein egun aukeratu lege proiektua osoko bilkuran bozkatzeko; lesbiana, gay, bisexual eta transexualen (LGBT) eskubideen aldeko nazioarteko eguna izan zen atzo. Erakunde, eragile politiko eta sindikatu ugarik babesa adierazi zieten LGBT kolektiboei, eta herritarrek bat egin zuten Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko manifestaldiekin.
Aralarren arabera, aurrerapauso «nabarmenak» egin diratalde horien alde, baina zehaztu du oraindik lan asko dagoela egiteko eta normalizazioa «urrun» dagoela oraindik ere. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak premiazkotzat jo du matxismoa, homofobia, lesbofobia eta transfobia atzematea: «Gizarteak ulertu behar du praktika heterosexualak ez direla besteak baino hobeak edo naturalagoak». Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko eledunak, berriz, familia eredu guztiak errespetatzera deitu du, «jendarte zabal eta ongi heziaren seinale». EAJk Sabin Etxean festa bat eginez ospatu zuen eguna, eta PSE-EEko berdintasun idazkari Miren Gallastegik gay, lesbiana, transexual eta bisexualen eskubideetan atzerapausorik ez emateko eskatu zuen.
Iruñean, autobus geltoki zaharrean; Bilbon, Moyua plazan; Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan; eta Donostian, Bulebarrean. Hainbat esparrutako gizarte eragileek eta, bereziki, LGBT taldeek deitutako martxarekin bat egiteko, toki horietan zuten jarria ordua herritarrek. Bilbon, Iruñean eta Gasteizen, 20:00etan; Donostian, berriz, 19:30ean. Bilbokoa Santiago katedralaren parean amaitu zen; hain zuzen, iragan apirilean lesbianen ekitaldi batean andre batzuei eraso zieten leku berean. Kalejira bat egin zuten, ondoren, Zazpikaleetan.
Lau hiriburuetan jendetza bildu zen sexu askapenerako nazioarteko eguna ospatzeko. LGBT kolektiboaren eskubideen alorrean lortutako aurrerapenak gal daitezkeela ohartarazi zuten, eta arrisku hori krisi ekonomikoaren ondoko murrizketekin lotu zuten: «Gizarte zerbitzuak nola ixten dituzten ikusten ari gara, eta ukiezintzat jotzen genituen. Ezta pertsonen eskubideak bermatzea finantza superabitarekin zerikusia duen zerbait balitz ere». Hain justu, Bilboko manifestaldian atzerapentzat jo zituzten Eliza katolikoko hainbat ordezkarik gay, lesbiana, bisexual eta transexualen eskubideen aurka eginiko adierazpenak: «Edozein gauza esateko gai dira, estatuaren baimenarekin».
Eusko Jaurlaritzak ziurtagiri bat emango die transexualei sexu aldaketak iraun artean
Transexualak ez baztertzeko eta haien eskubideak ziurtatzeko lege proiektua onartu du Eusko Legebiltzarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu