Hezkuntza

Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten aurkako helegitea aurkeztu dute gotzainek

Gasteizko, Bilboko eta Donostiako apezpikuek diote ez duela legedia betetzen eta ez diola erlijio eskolari behar adina garrantzia ematen.

2009ko martxoaren 23a
16:02
Entzun
Batxilergoan erlijio eskolen inguruko dekretua aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak otsailean, baina dagoeneko jarri diote helegitea Gasteizko, Bilboko eta Donostiako gotzainek. Dekretuan erlijio ikasgaia hartzen ez duten ikasleek beste ekintza akademiko batzuk egiteko aukera izango dutela biltzen da, besteak beste, baina, gotzainen iritziz, ez du legedia betetzen eta ez dio erlijio eskolari behar adina garrantzia ematen.

Eskolan erlijioa irakasteak egiten duen "on soziala” ez du behar adina baloratzen dekretuak, gotzainek helegitean diotenez. Gainera, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak dekretu hori dela-eta egindako iragarpenaren ondorioz, erlijio matrikularen jaitsiera eta ikasleriak motibazioa galtzea ekarri duela jakinarazi dute.

Horrez gain, Europako Legebiltzarrak kristau erlijioaren irakaskuntza indartzeko ahaleginak egiteko eskatzen duela nabarmendu dute hiru hiriburuetako gotzainek: “Mundu europarra ulertzeko giltzarria delako”. Gainera, Europako hainbat herrialdek batxilergoan erlijio-eskolen aldeko apostua egin dutela diote apezpikuek. Beraz, ez dute ulertzen zergatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan norabide horren aurkako jarrera hartu den.

Helegitearekin Europak erlijio eskolei ematen dien legezko izaera arrunta berreskuratzea nahi dute, betiere “ebangelioarekin bat etorriko dena" eta gizarte demokratikoan bizi diren hiritar guztientzat izango dena.

Ricardo Blazquez Bilboko gotzaina, Joan Maria Uriarte Donostiakoa eta Miguel Asurmendi Gasteizkoa izan dira helegitea jarri dutenak, baita Mario Izeta Bilboko gotzain laguntzailea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.