Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitza okupatu dute ostalariek

Lakuak harturiko neurriek eragindako kalteak arintzeko laguntzak eskatu dituzte.

SOS Ostalaritzako kideen protestaren une bat. SOS OSTALARITZA
2021eko martxoaren 29a
10:35
Entzun

SOS Ostalaritza elkarteko kideek okupatu egin dute Eusko Jaurlaritzak Donostiako Andia kalean duen egoitza, Alderdi Ederren parean.

LABI batzordearen aholkuari jarraiki Jaurlaritzak hartu dituen neurri murriztaileak direla eta, kalteak arintzeko laguntzak eskatu dituzte.

Prentsaurrekoa zuten antolatuta 09:30ean, egoitzaren aurrean. Ordu horretan, ordea, 30 bat pertsona sartu dira egoitzan, ostalaritzaren aldeko oihuak botatzen.

Antolatzaileek esan dute «okupazio baketsu ekintza» egin nahi zutela, eta egoitzaren alde batean jarri dira txartelekin eta pankarta handi batekin, Urkullu, aski da, SOS Ostalaritza leloarekin.

Ondoren, elkarteko eledun Garazi Otegik eta Elena Gineak prentsaurreko bat eman dute egoitzaren barruan. Azaldu dutenez, okupazioa egin dute «Urkulluren exekutiboak, berriz ere, ostalaritza egin duelako izurriaren garapenaren arduradun eta errudun».

Herritarrei esan diete ostalaritza negozioak ez daudela zabalik. «Urtebete daramagu %30an lan egiten, eta horrek egoera larrian utzi gaitu. Taberna askok itxi egin dute, eta beste askok gorriak ikusiko ditugu ez badira behar diren neurriak hartzen».

Horregatik, lau eskaera zehatz egin dizkiete administrazioei: batetik, ostalaritzari eragingo dioten neurri murriztaileekin batera, atal bat gehitzea azaltzeko zer-nolako ordaina jasoko duten kaltetuek, eta konpentsazio ekonomiko hori atzera begirakoa ere izatea.

Bestalde, ostalaritzari eragiten dieten zergak murriztea edo kentzea ere eskatu du SOS Ostalaritzak: alokairuak izoztea, errenta zerga murriztea, BEZa aldi baterako jaistea, eta zabor, ura eta terrazetako zergak kentzea.

Hirugarrenik, galdegin dute langileen soldatak osatzea eta enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteetan dauden irregulartasunak zuzentzea. Eta, azkenik, burokrazia bizkortzea, diru laguntzak eta bestelako espedienteak eskatzeko izapideak errazte eta malgutze aldera.

Auzitegietan neurrien kontrako helegitea ostalaritza elkarte handiek aurkeztu beharko luketeela esan du Gineak.

Prentsaurrekoa amaituta, egoitzatik atera dira, «Langileak gara, ez gaizkileak», eta «Urkullu entzun, ez gara errudun» oihuen artean. Egoitzaren atea itxi dute pankartarekin, atera ostean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.