Jaizkibel eta Uliaren (Gipuzkoa) aurreko itsas eremuaren aberastasuna kontuan hartu du Eusko Legebiltzarrak, eta eremu hori babesteko neurriak zehazte aldera pauso bat eman du. Oceana elkarteak eta Euskadiko Biologien Elkargoak Jaizkibelgo labarren pareko itsas eremuan egindako ikerlana azter dezatela eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Ingurumen Ministerioari. «Elkarlanean ari daitezela inguru horretarako babes ereduak zehaztearren».
Eusko Jaurlaritzara eta Ingurumen Ministeriora igorritako azterlanak Jaizkibel eta Uliako itsas eremua babesteari buruzko proposamena egiten du, eta Miarritzera (Lapurdi) arteko itsas korridore ekologikoa egiteko proposamena egiten du. Babes tresna modura, Europako Batasuneko Natura 2000 sarearen barruan sartzeko proposamena egin zuten azterlanaren egileek, eta Eusko Legebiltzarrak aukera horri ateak ireki dizkio. Hain zuzen ere, babes ereduen artean aipatu sarean sartzeko eskatu du, azterlana ikertu ondoren «hala badagokio».
Ikerketa hori egiteko 2011 urte bukaera arteko epea zehaztu du Eusko Legebiltzarrak. «Epe laburragoan egitea nahiko genuke», gogorarazi du Mikel Arana EBko legebiltzarkideak, ekimenaren bultzatzaileetako batek. Ordea, EBren eta Aralarren artean hasitako ekimena legebiltzar talde guztien asmoetara egokitu dute erdibideko zuzenketa baten bitartez. Adostasuna lortzeko bidean, instituzioen arteko elkarrizketaren alde egin dute legebiltzar taldeek, betiere Oceana elkarteak eta Euskadiko Biologien Elkargoak egindako txostena oinarritzat hartuta. «Kasu batzuetan ingurumena lehenetsi behar da irizpide politikoen gainetik, eta txostenak hori egiten du», zehaztu du Aranak.
Pasaiako kanpoko kaia
Ingurune babesten bada, Jaizkibel eta Ulia inguruan aurreikusita dauden azpiegitura egitasmoak kolokan jar daitezke, Pasaiako kanpoko portuaren proiektua kasu. Gipuzkoako Biltzar Nagusiek kanpoko portuaren eta portuko sarrera eta komunikazioak eraikitzeko beharrezkoak diren eremuei edozein babes ukatzeko eskaera egin zuen duela hiru hilabete.
EAEn Natura 2000 sarearen barruan sartzeko hainbat proposamen zehatz dauden arren, asmoez harago itsas eremuan egindako proposamenik ez dagoela gogorarazi du Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak. «Ez dago itsasgune proposamen bat bera ere». Jaizkibelgo labarrak garrantzi komunitarioko leku daude izendatuta gaur egun, eta Eusko Legebiltzarrak hizpide duen txostenak 13.000 hektareako eremua babesteko eskatu du, Natura 2000 sarearen barruan sartuz.
Jaurlaritzak aipatu sarea osa dezaketen garrantzi komunitarioko itsas guneen ikerketa hasi duela aurreratu du Natalia Rojo PSEko legebiltzarkideak, eta proposamen hori informazio publikora atera ostean Espainiako Gobernuari jakinaraziko zaio eskaera aintzat har dezan eta Europako Batasunari jakinarazi diezaion. Lan horiek guztiak 2012. urtea bukatu aurretik egin beharko direla gogorarazi du.
Txostenaren ikerketa egiteko urtebeteko epea egokitzat jo du Norberto Aldaiturriaga EAJko legebiltzarkideak, itsas hondoaren egoerari buruzko datu guztiak bildu ahal izateko. Bide batez, Jaizkibel eta Uliako eremuko txostena egin beharrean EAEko itsas eremu osoa aintzat hartzen duen ikerketa baten alde egin du, ikuspuntu «zabalagoa» izateko. Azkenik, herritarrek parte hartzea eskatu du, hartzen den azken erabakiarekin ados egon daitezen.
Atzoko urratsa itsasoaren babesari emandako «lehen bultzada» bezala izendatu du Leopoldo Barreda PPko legebiltzarkideak.EAEn itsasertzeko hainbat gune daudela gogorarazi du Barredak ere, baina oraindik ere itsas eremurik ez dela babestu. Hala, Eusko Legebiltzarrak atzo eman zuena pauso bat bada ere, babesa gauzatzeko balioko duen itxaropena du.
Donostiatik Miarritzera
Jaizkibel eta Uliako eremua babestuko balute, Europa osoko itsas korridore ekologiko garrantzitsuenetako bat sortuko litzateke, Gipuzkoako itsas eremuari Lapurdiko kostaldean babesteko bidean dagoen gunea gehituko bailitzaioke. Frantziako Gobernuak Miarritzeko itsas eremua Natura 2000 sarean sartzeko izapideak hasi ditu dagoeneko.
Jaizkibel eta Uliako eremua babestuz gero, 35 kilometro luze eta 27.000 hektareako babesgune bat eratuko litzateke Donostia eta Miarritze artean. Eremu horretan 1.000 espezie inguru daude, horietako 50 babestuta, eta 113 habitat ezberdin. Gipuzkoako kostaldeko eremua babesteak Miarritzeko itsas eremuaren babesa erraztuko lukeela azaldu zuten Oceana elkarteko kideek, Eusko Legebiltzarreko agerraldian. Itsas korridore ekologiko osoa babestuz gero eremuaren kudeaketa bateratua erraztuko litzakete.
Eusko Legebiltzarra, Jaizkibelgo itsas korridore ekologikoa aztertzearen alde
Itsas eremu babestua eratzeko neurriak azter ditzala eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu