Politika

Eusko Legebiltzarrak 1976ko martxoaren 3ko gertaerak argitzeko ebazpena onartu du

Espainiako Poliziak bost langile hil zituen orduan Gasteizen. Manuel Fraga orduko Gobernazio ministroari leporatu diote "erantzukizun politikoa".

2008ko ekainaren 25a
18:33
Entzun
EAJ, EA, PSE-EE, Aralar eta EBren babesarekin, eta EHAKa eta PPren aurkako botoarekin onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak 1976ko martxoaren 3ko gertaerak argitzeko egindako ebazpena. Orduan Espainiako Poliziak Gasteizko San Frantzisko elizan batzartuta zeuden bost langile hil eta ehunka zauritu -haietako 42, balaz- izanaren "erantzukizun politikoa" Manuel Fraga Iribarne, Rodolfo Martin Villa eta Alfonso Osorio Garcia Espainiako ministro ohiek izan zutela ondorioztatu du ebazpenak, besteak beste. Garai hartan, Manuel Fraga zen Gobernazio ministroa, eta polizia bere zuzendaritzapean zegoen; Rodolfo Martin Villa Sindikatuekiko Harremanetarako burua zen eta Alfonso Osorio Presidentzia ministroa.

Itziar Bazterrika (EHAK) legebiltzarkideak adierazi du "konpromiso serioa eta benetakoa" falta dela biktimen alde egiteko, eta horregatik eman dutela kontrako botoa. "Aurrerago" jotzearen alde zegoen EHAK. Carmelo Barrioren (PP) ustez, ebazpenaren aldekoek "epai politikoa" egin nahi izan dute gertaerarekin.

Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak egindako eskariari jarraituta landu du Eusko Legebiltzarrak gertakariei buruzko memoranduma. Espainiako Poliziari San Frantzisko eliza indarrez husteko agindua nondik eman zen zehazteko eta ardura politikoak zuritzeko eskaria egin zion elkarteak Legebiltzarrari, gertakari haietako biktimei zor zaien "egia, justizia eta aitortza" emate aldera. Legebiltzarrak batzorde berezia sortu zuen horretarako, honek ekainaren 12an idatzia onartu zuen eta gaur Legebiltzarrean aztertu dute gaia.

Ebazpena "egiaztatutako gertakari objektiboetan" oinarritu da. Azken hilabeteotan Legebiltzarreko agerraldietan egindako ekarpenekin eta Valentin de Foronda EHUko historia sozialeko institutuak egindako txostenarekin landu du batzordeak testua. Orain arte jazoera horien inguruan emandako bertsio ofiziala ukatzera dator onartutako ebazpena, Espainiako Poliziak Gasteizen izandako jokaera "gehiegizkoa" izan zela eta giza eskubideak urratu zituela uste baitu Legebiltzarrak. Batzartuta zeuden langileen aurka oldartzeko agindua Espainiako Gobernutik eman zela frogatutzat eman du, baina ez du zehaztu zein goi karguk hartu zuen erabakia. Halaber, argitu gabe utzi du langileen batzarra sakabanatzea aurrez planifikatuta erabakia izan zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.