Eusko Legebiltzarrak aho batez salatu ditu gaur Bildu koalizioko kargu batzuek azkenaldian jaso izan dituzten heriotza mehatxuak, eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari egileak identifikatzeko eskatu du, epaituak izan daitezen. Ane Karrere Andoaingo alkateak, Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkateak, Oñakiko kargu batek eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kabineteburuak jaso dituzte mehatxuak.
PSE-EE, PP eta EAJko bozeramaileak Bilduri beste kasu batzuetan gaur legebiltzarkideek izandako jarrera bera izateko eskatu diote.
Juanjo Agirrezabala EAko parlamentarioak PSErekin adostutako emendakin bat bozkatu dute. Talde guztiek, mehatxu haiek salatzeaz gain, ETAk borroka armatua utzi ondoren "bizikidetza demokratikoan aurrerapen handia" egongo den itxaropena agertu dute.
Carlos Urquijo PPko legebiltzarkideak esan du eurek "moralki" zilegitasun handiagoa dutela horrelako kasuak gaitzesteko, PPko kideen etxeek eta autoek erasoak jasan eta kide batzuk hil egin izan dituztelako. "Espero dugu terroristak babestu dituztenek estimatuko dutela gure gaurko keinu hau".
Francisco Garciak (PSE) ere gogoratu du kargu sozialista askok jasan izan dituztela "umiliazioak, mehatxuak eta mesprezuak".