'atutxa auzia'

Eusko Legebiltzarrak aitortza egin die Atutxa, Bilbao eta Knorri

PSEk eta PPk ez dute parte hartu legebiltzarreko mahaiko hiru kide ohien aldeko ekitaldian.

Bakartxo Tejeria hizketan Kontxi Bilbao, Gorka Knorr eta Juan Maria Atutxaren aldeko ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS
2017ko ekainaren 27a
09:04
Entzun

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ekainaren 13an ebatzi zuen Espainiak urratu egin ziela Eusko Legebiltzarreko kide izandako Juan Mari Atutxari, Gorka Knorri eta Kontxi Bilbaori "epaiketa bidezkoa izateko eskubidea", 2008an Espainiako Auzitegi Gorenak hirurak kargugabetu zituenean Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa ez desegiteagatik.

Hirurentzako "aitortza" ekitaldia egin dute Eusko Legebiltzarrean. Bakartxo Tejeriak legebiltzarreko harrera aretoan hartu ditu hirurak, 12:30ean. Legebiltzarkide guztiek jaso dute ekitaldira joateko gonbidapena, baina EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu-koak joan dira; ez, ordea, PSE-EEkoak eta PPkoak.

2003an "subiranotasuna" defendatzeagatik omendu dituzte. Atutxak aitortu du urteotan "kalbario txiki bat" igaro duela, baina ziurtatu du "gauza bera" egingo lukeela berriro. Izan ere, argudiatu duenez, Sozialista Abertzaleak taldea ez deseginda, Eusko Legebiltzarraren "duintasuna, zilegitasuna, subiranotasuna eta bortxaezintasuna" babestu zituen. Bilbaok, berriz, nabarmendu du mahaiko hiru kide ohiak justizia "manipulatuaren" biktima izan zirela eta "zigor eredugarria" ezarri zietela legebiltzarra eta 1979ko estatutua "defendatzeagatik".

Tejeriak adierazi du "ezinezkoa" dela hirurei eginiko kaltea osatzea, baina, haren ustez, Estrasburgoren ebazpenak "beren duintasuna lehengoratzen" du.

Ohar batean azaldu du PSEk zergatik ez den joan ekitaldira. Esan duenez, legebiltzarrak ez du eman ekitaldiaren "zentzuaren arrazoirik", eta gaineratu du auzia "politikoki ebatzita" geratu zela 2005ean, Eusko Legebiltzarreko presidentetzan Izaskun Bilbaok ordezkatu zuenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.