aurrekontuak

Eusko Legebiltzarrak atzera bota ditu EH Bilduren eta UPDren osoko zuzenketak

Jaurlaritzaren aurrekontuak hilaren 20an onartuko dituzte. Bizkaian, berriz, 2014ko aurrekontuen inguruan hitzarmena egin dute jeltzaleek eta popularrek.

Gatzagaetxeberria, gaur, Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO, ARP
2013ko abenduaren 9a
16:18
Entzun

Beste urrats bat egin dute gaur legebiltzarreko ordezkariek datorren urteko aurrekontuei begira, EH BIlduk eta UPDk proposamena gobernuari itzultzeko eskaera ez baitute onartu. PSE-EEk eta EAJk kontrako botoa eman dute, eta PPk abstentzioaren alde egin du.

Datorrena alderdiek aurkeztu dituzten 1.200 emendakin eztabaidatzea izango da, aurrekontuak onartu aurretik, hilaren 20an. EAJk PSE-EErekin eta PPrekin akordioa egin ostean, aise aterako ditu aurrera Iñigo Urkulluren gobernuak.

Jaurlaritzaren datorren urteko aurrekontuei osoko zuzenkera jarri zieten EH BIlduk eta UPDk. Rikardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak aurrekontuen inguruko azalpenak eman eta gero azaldu ditu Laura Mintegik osoko zuzenketa jartzeko arrazoiak. "Herri bat bagara herri gisara joka dezagun". Horixe esan du, EAJri besterik egiten duela leporatzerakoan. Salatu duenez, aurrekontuok "ez dituzte aintzat hartzen herritarren beharrak", eta erretiratu egin behar dira, Mintegiren ustez. "Ez dira aurrekontu sozialak".

EH Bildu ez dator bat Eusko Jaurlaritzak 2014ko aurrekontuetan ezarri dituen irizpideekin, eta uste du egungo egoera sozioekonomikoak bestelako kontuak eskatzen dituela. Aurrekontu berri batzuetarako oinarriak izeneko txostenean bildu dituzte proposamenak.

Besteak beste, burujabetzaren aldeko apustua egiten duten kontuak lantzea eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari. Neurri politiko "aringarriak" albo batera uzteko eta "ausardiaz" jokatzeko. Zorpetze publikoari dagokionez, esaterako, bestelako zerga politika ezartzea proposatu dio, gehiago zorpetzeko aukera bermatzeko. Halaber, estatuarekin negoziazio prozesua abiatzeko ere eskatu dio, BEZa zerga euskal erakundeek kudeatu dezaten.

Akordioa Bizkaian

PPk egin du jakinarazpena ohar baten bidez. Gaur goizean sinatuko dute hitzarmena Esther Martinezek PPren izenean eta Lorea Bilbaok EAJrenean. Sinatu ostean emango dute akordioaren xehetasunen berri. PPk azken bi urteotan akordioa egin du EAJrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.