EH Bilduk proposatu du Eusko Legebiltzarrean lantalde bat sortzea, Lan eta Justizia Batzordean, egoera aztertu eta proposamenak egiteko. EAJk, PSE-EEk eta PPk aurkako botoa eman dute legebiltzarreko saioan: 46 boto. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, aldekoa: 28 boto. Legez besteko proposamena izan da.
Juan Luis Uria Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak esan du EAJk eta PSEk gai hori PPrekin soilik kudeatu nahi dutela. "Kontsentsurik handiena eskatzen du gaiak, baina EAJk ez du nahi izan". EAJko eta PSEko ordezkariek azaldu dute badaudela gai hori lantzeko guneak, esaterako, Autogobernu lantaldea eta Memoriaren eta Bizikidetzaren ingurukoa, eta ez dela beharrezkoa beste bat sortzea.
Jone Goirizelaia, Julen Arzuaga eta Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkideak aste honetan Katalunian izan dira, Generalitateak duen espetxe eskumenari buruzko informazioa jasotzeko. EAJri eta PSEri erantzunez, Goirizelaiak legebiltzarrean azaldu du preso dauden pertsona guztien ingurukoa dela beren proposamena, eta hori ez dela lantzen Bizikidetza lantaldean: "Gauza ezberdinak dira".
"Gizarteari entzun" beharra
Espetxe ereduaz hausnartzeko, "gizarteari entzun" behar zaiola nabarmendu du EH Bilduko legebiltzarkideak, "eskumena eskuz aldatzean, prest egoteko". Batzordea sortzeko proposamenak aurrera egin ez arren, eztabaida sustatzen jarraitzeko asmoa dutela azaldu du, eta hainbat agerraldi eskatuko dituztela aurreratu du; besteak beste, Jaurlaritzako hainbat arduradunena, ESEN Espetxe Sarearena, kartzela zaintzako epaileena, Euskal Kriminologia Institutuarena, eta Etxerat, Sare eta Cassandra elkarteena.
Gernikako Estatutuan (1979) jasota dago espetxe eskumena, baina Espainiako Gobernuak oraindik ez du igorri.