Memoria historikoa

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du frankismoko biktimen lege egitasmoa

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eraman dute. EAJk eta PSE-EEk gogoratu dute gobernuak aurkeztua duela berea, eta biktimen plataformak atzera egin zuela orduan.

Biktimen plataformako kideak herri ekimen legegilea aurkeztu zutenean. BERRIA
2019ko urriaren 17a
15:34
Entzun

Frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformak memoria historikoari buruz egindako herri ekinaldi legegilea defendatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean. Lege egitasmo gisa aurkeztu dute, eta horri bide emateko eskatu diete gainerako taldeei. EAJk, PSE-EEk eta PPk, baina, kontra bozkatu dute.

EAJk ez du babestu, argudiatuta Jaurlaritzak lege egitasmo "osatuago" bat aurkeztu duela gaiari buruz, eta EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi leporatu die "zarata" atera nahi izatea, gobernuak orain arte frankismoko biktimen inguruan ezer egin ez duela aditzera emateko asmoz.

Iñigo Iturrate legebiltzarkideak azaldu duenez, Jaurlaritzaren testuak "askoz hobeto" jasotzen ditu "etorkizuneko erronkak", eta kontuan hartzen ditu orain arte legebiltzarrak eta gobernuak onartu dituen neurri eta legeak. "Zuen hitzak entzunda, badirudi hutsetik hasi behar dugula, eta ez da horrela inondik inora". Hauteskundeak gertu daudela-eta gaiarekin "demagogia" egitea leporatu die.

Era berean, EH Bilduri ohartarazi dio "oso zaila" izango dela akordioak lortzea "1936ko gudariak eta ETAko kideak berdintzen" dituen alderdi batekin.

PSE-EEk ere gogoratu du gobernuak egitasmo bat aurkeztu duela, eta salatu du "sustatzaileek beraiek gelditu zuten ekinaldia" eraman dutela legebiltzarrera EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.

Frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformak herri ekinaldi legegile bat erregistratu zuen parlamentuan, uztailaren 12an. Handik bi egunera, ordea, Jaurlaritzak iragarri zuen "antzeko" lege proiektu bat prestatzen ari zela. Orduan, plataformak erabaki zuen herri ekinbidearekin aurrera ez jarraitzea, baina legebiltzarreko taldeei eskatu zien haiek prestatutako araudia bultzatzeko. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek heldu diote horri, eta lege proposamen gisa erregistratu zuten testua, irailaren 10ean. Bi aste geroago aurkeztu zuen berea gobernuak, Gogora institutuaren txosten batean oinarrituta egindakoa.

Biktimei "mespretxua"

EH Bilduk salatu du EAJk ez duela inoiz argi izan lege bat behar zenik memoria historikoaren alorrean, eta Jaurlaritzak berea aurkeztu duen arte izan dituen "jarrera alderdikoiak" eta egindako "itzulinguruak" salatu ditu. Azpimarratu du gobernuaren proposamenean ez zaiela entzun biktimen elkarteei eta tramitazioan hori egiteko zailtasunak izango dituztela. Biktimak "mespretxatzea" egotzi die. "Dena biktimentzat, baina biktimak gabe", azpimarratu du Julen Arzuagak.

Elkarrekin Podemoseko Jon Hernandezek EAJri eta PSE-EEri leporatu die "luzamendutan" aritzea, eta ohartarazi die hori "zigor" bat dela "hainbeste urtez" halako lege baten zain dauden biktimentzat.

PPrentzat, berriz, frankismoko biktimen proposamenak "ahanztura asko" ditu memoria historikoaren alorrean. Halaber, "sarkasmotzat" jo du "gertuko historia [ETA aipatu du] ahazten duen [alderdi] baten eskutik" onartu behar izatea halako lege bat.

Eztabaida amaitu ondoren, frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformako kideek agerraldia egin dute legebiltzarrean. Haien iritzian, EAJren asmoa da lege berriaren bidez Gogora instituaren eskumenak indartzea, memoria historikoaren alorrean egin duen guztia Lehendakaritzatik kontrolatu ahal izateko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.