Biktimak

Eusko Legebiltzarrak babesa adierazi dio Yolanda Gonzalezen sendiari

Eusko Legebiltzarrak onartu duen adierazpen instituzionalean Eusko Jaurlaritzari eskatu dio iker ditzala Emilio Hellinekin izan dituen kontratu eta lankidetza guztiak.

edurne begiristain
2013ko ekainaren 13a
14:19
Entzun

Emilio Hellin Nueva Fuerza talde ultraeskuindarrak hil zuen Yolanda Gonzalez gaztea, 1980an, eta "babes eta elkartasun osoa" adierazi dio gaur Eusko Legebiltzarrak, talde guztiek babestutako adierazpen instituzional baten bidez. Halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio iker ditzala Hellinekin izan dituen edo egun dituen kontratu harreman zein lankidetza mota oro, bai eta haren partaidetza duten enpresekin izandakoak ere. Horrekin batera, gobernuari galdegin dio berrikus ditzala kontrataziorako darabiltzan prozedurak, ez dadin berriro gerta zigorturik dauden pertsonek Ertzaintzari edo Eusko Jaurlaritzaren menpeko beste edozein organori zerbitzuak ematea.

Gonzalezen sendia eta lagunak izan dira gaurko osoko bilkuran, eta pozik agertu dira legebiltzarrak onartutako adierazpen instituzionalarekin. Talde guztiek testua adostu izana nabarmendu du Asier Gonzalezek, Yolandaren nebak, eta senide eta lagunentzat "egun garrantzitsua" dela azaldu du.

Joan den otsailean jakin zen Hellinek Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta Ertzaintzari formazio ikastaroak eman zikiola Madrilen. Segurtasun sailburuak ondoren baieztatu zuen Hellinek eskainitako 45 orduko ikastaro batean parte hartu zutela Ertzaintzako lau agentek.  Albiste hori argitara eman zenetik, Gonzalezen senide eta lagunek "borroka demokratiko bati" ekin zioten gertaera hura salatzeko. Familiarentzat "moralgabea eta sumingarria" da Hellinek segurtasunari buruzko ikastaroak ekaintzea eta lan horren truke diru publikoa jasotzea.
Senideek gaur jakinarazi dutenez, Yolanda Gonzalezen memoriaren aldeko ekitaldi publikoa egingo dute hilaren 25ean, Bidarten (Deustua).
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.