EH Bilduren ekimenez eztabaidatu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrak Kataluniako erreferendumaren aldeko mozioa. Testuak EH Bilduren babesa ez ezik, EAJren aldeko botoa ere jaso du (44 boto), eta, hortaz, aurrera egin du, legebiltzarraren gehiengoa lortuta. Hiru puntuko mozioa onartu dute. Lehen puntuan, Eusko Legebiltzarrak "babesa eta errespetua" agertu dio Kataluniako Parlamentuak egin nahi duen erreferendumari, "libreki adierazitako herritarron borondatea tresna politikorik eraginkorrena delako edozein herri edo kolektiboren etorkizuna eraikitzeko". Bigarren puntuan, legebiltzarrak errefusatu egin du Espainiako Gobernuak zein beste instantziek erreferendumaren eta Kataluniako Parlamentuaren "erabakiaren eta demokraziaren kontra" har dezaketen ezein neurri. Azkenik, Eusko Legebiltzarrak dei egin die euskal herritarrei eta euskal erakundeei Katalunian gauzatuko den erreferendumarekiko jarrera "proaktiboa eta errespetuzkoa" mantentzera.
Mozioaren aurkako jarrera agertu dute Elkarrekin Podemosek, PSEk eta PPk, arrazoi desberdinengatik. Elkarrekin Podemosek ez du babestu proposamena, eta abstenitzea erabaki du iritzita EH Bilduren mozioak Kataluniako herritarren "zati baten" alde egiten duela, eta ez duela elkarrizketaren bidea proposatzen. "Jokoan dagoena ez da independentzia, eskubideen eta askatasunen defentsa baizik", esan du Lander Martinez bozeramaileak.
PSEk, berriz, salatu du Kataluniako Gobernuak eta hura babesten duen gehiengo independentistak "aldebakarreko eta legez kontrako bidea" hartu dutela. Horren aurrean, sozialistek elkarrizketa, negoziazioa eta ituna proposatzen dutela esan du Jose Antonio Pastorrek. EAJk eta PSEk Eusko Jaurlaritzan duten koalizio akordioa eredutzat jo du Pastorrek Kataluniarako, "aniztasunaren" berme delako.
PPtik, Borja Senperrek Espainiako Gobernuaren jarrera defendatu du. Halaber, EAJri dei egin dio ez dezan utzi "Kataluniako egoerak Euskadi kutsatzea".