Gizartea

Eusko Legebiltzarrak ez du aintzat hartu memoria historikoaren lege proposamena

EH Bilduren ekinbideak Elkarrekin Podemosen babesa izan du. EAJk, PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu dute.

36ko gerrako gudari baten gorpua hobitik ateratzeko lanak, Legution. JAIZKI FONTANEDA
Jon Rejado.
2018ko otsailaren 8a
17:18
Entzun

Eusko Legebiltzarraren gehiengoak hausnartu du memoria historikoari buruzko lege baten beharra dagoela. Ordea, bozkatzeko orduan, ez du aintzat hartu gai horri buruz EH Bilduk aurkeztu duen lege proposamena, gaur goizean. PSE-EEk eta EAJk EH Bilduri kritikatu diote “akordioa bilatu ez izana” testua aurkeztu aurretik. Halaber, gobernua babesten duten alderdiek ez dute baztertu etorkizunean beste proposamen bat aurkeztea.

Julen Arzuagak (EH Bildu) aurkeztu du frankismoaren biktimak aitortzeko eta dagokien erreparazio integrala emateko memoria historikoaren lege proposamena. Legebiltzarkideak azaldu du testuaren helburua zela gaiari buruz dagoen araudia bateratzea, eta berme handiagoa ematea. Egungo neurri batzuk baloratu egin ditu, baina “unean uneko gobernuaren borondatearen” araberakoak direla gaineratu du. Beraz, lege izateak berme handiagoa emango lieke.

Iñigo Iturrate (EAJ) oso kritikoa izan da EH Bilduren proposamenarekin. Kontrako botoa “lotsarik gabe” eman duela azpimarratu du: “koherentzia gabea, diskriminatzailea, bideraezina eta propaganda” gisa definitu du. Gaineratu du proposamenak ez zuela aintzat hartzen Eusko Jaurlaritzak auretik egindako lana. Areago, baieztatu du gaur egun badagoela memoria historikoaren lege gisa jo daitekeen beste bat: Gogora Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutuaren sorrera arautzen duena.

Jon Hernandezek (Elkarrekin Podemos) gaiari heltzeko beharra nabarmendu du. Zenbaitetan gogorarazi du gaurko osoko bilkuran ez zela legea bozkatzen, baizik eta lege proposamena aintzat hartzea. Alegia, gerora posible izango zela EH Bilduren testuan aldaketak egitea, adostasunak bilatzeko. Hernandez ziur agertu da, “berandu baino lehen”, memoria historikoa arautuko duen legea onartuko dela, eta, ondorioz, gaur ezetz esatea legea atzeratzea dela hausnartu du.

Rafaela Romerok (PSE-EE) aitortu du ez zaiola erraza gertatu kontrako botoa eman dutenen txandan hitz egitea. Legea beharrezkoa dela azaldu du, eta, aurka bozkatu badu, araudi hori aurrera atera dadin bozkatu duela. EH Bilduren proposamenari “adostasun zabalena” falta zaiola esan du, eta, haren iritziz, adostasun horren gainean sortu behar da Memoria Historikoaren legea.

Carmelo Barriok (PP) EH Bilduren proposamenaren kontra egin du. Argudiatu du ez duela bat egiten araudiarekin. Gizartean “hausturak” sortu nahi izatea leporatu dio proposamenari, “lege itxura” duten proposamenen bitartez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.