Eusko Legebiltzarrak Garoñako zentral nuklearra ixteko eskatu du gaur. EAJk, PSE-EEk, Aralarrek, EBk eta EAk bozkatu dute itxieraren alde, eta soilik PPk egin du kontra. Legebiltzarrak itxiera eskatzen duen bigarren aldia da. Espainiako Gobernuak Garoña 2013an ixteko konpromisoa hartu zuen, eta gaur Mikel Arana Ezker Batuko legeiltzarkideak galdetu du ea zer gertatuko den urte horretan. Espainiako Gobernuan PSOEk jarraitu arren, konpromisoa beteko duela auzitan jarri du. Alderdi guztiek elkartasuna adierazi diote Japoniari.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, ordea, segurtasuna areagotzeko motiborik ez dagoela iritzio dio; Haren hitzetan, Japonian gertatu dena "ezohiko" gauza da, eta ez da politika aldaketa bat eragin beharko lukeen ezer gertatu: "Gu hemen bestelako baldintza batzuetan gaude". Mendiaren ustez, Espainiako Gobernuak beteko du Garoña 2013an ixteko hartu zuen konpromisoa.
Europa osoan irakiten dagoen ura erabiltzen duen zentral bakarra da Garoñakoa, Fukushimakoak egiten duen modu berean. Guztira, 145 zentral daude Europan, eta Europako Batasunak bere herrialdeetan dauden zentral nuklearren segurtasuna hizpide du gaur. Japoniako hondamendiak auzitan jarri du azken urteetan eztabaidaezina zirudiena, eta gaurko bileran europako Energia ministroak, zentralekota zuzendariak, kudeatzen dituzten konpainietako ordezkariak eta herrialde bakoitzeko segurtasun arduradun batek parte hartuko dute. Ingurumen ministroak atzo erresistentzia frogak egitearen alde agertu ziren. Edonola, Alemaniak atzo jada erabaki zuen hiru zentral nuklear gelditzea.
Krisi ekonomikoa eta klima aldaketa argudiatuz, azken urteetan energia nuklearraren beharra eztabaidaezina izan da, baina Japoniako krisiak segurtasunaren inguruko kezka piztu du, eta horrekin batera, zentralen egokitasunarena. Europako Batasunean dauden 27 herrialdeetatik 14k dituzte zentral nuklearrak. 143 zentraletatik 58 Frantzian daude.