Politika

Eusko Legebiltzarrean Espainiako bandera jartzeko erabakia berretsi du Bilbaok

Legebiltzarreko presidente eta EAJko diputatu Izaskun Bilbaok entzungor egin dio bere alderdikide Joseba Egibarri. Hala, Espainiako Auzitegi Gorenak agindutakoari men egin dio Bilbaok.

2008ko abenduaren 23a
17:24
Entzun
Eusko Legebiltzarrean Espainiako bandera jartzeko erabakia berretsi du Legebiltzarreko presidente Izaskun Bilbaok (EAJ). Bere alderdikide Joseba Egibarren eskariari muzin egin, eta, aitzitik, Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduari egin dio jaramon.

Joan den ostegunean Eusko Legebiltzarreko Bozemaleen Batzordeak, Egibarren botoarekin, Legebiltzarreko Mahaiari —Bilbao du buru— eskatu zion berriz azter zezala EAren ekimen bat ez tramitatzeko erabakia. Ekimen horrekin Auzitegi Gorenaren ebazpena ez betetzeko eskatzen zion Eusko Alkartasunak Legebiltzarreko Mahaiari. Madrilgo auzitegiak Espainiako bandera Legebiltzarraren kanpoaldean, ikurriñaren ondoan, jartzeko agindu zuen.

Alabaina, Legebiltzarreko Mahaiak abenduaren 9an erabaki zuen baztertu egingo zuela EAren ekimena, eztabaidatu ere egin gabe. Astebete lehenago erabaki zuen Espainiako Auzitegi Gorenaren agindua betetzea.

Mahaiak, Bilbaoren eta PSE eta PPren ordezkarien sostenguarekin, orduan erabaki zuen banderen auziaren gaineko erabakia organo horri zegokiola, eta ez Legebiltzarreko osoko bilkurari. Hau, aldiz, beste mota bateko proposamen batean eman beharko luke botoa, hots, lege bihurtzekoa ez den batean.

Argudio horiek mantendu ditu Bilbaok gaur, Legebiltzarraren araudira egokitzen dela azalduta.

Zehaztu duenez, ebazpen irmoa dago banderen auzian, eta hori errespetatu behar du Legebiltzarrak. Hala, horren gaineko eztabaidari "artifizial" iritzi dio, zeren eta beste instituzio batzuetan halako eztabaida izan denean "arazorik gabe" jarri dute Espainiako bandera ikurriñaren ondoan.



"Herritarrak oso kezkatuta daude krisi ekonomikoarekin, eta nik uste dut denok lan egin beharko genukeela horren ondorioak leuntzeko", esan du Bilbaok, benetako kezka banderez bestelakoa dela adierazi nahian.

Oraindik, ordea, ez dute jakinarazi noiz jarriko duten Espainiako bandera Eusko Legebiltzarraren eraikinaren kanpoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.