euskal herria

Eusko Legebiltzarreko bakerako lantaldeak ez du presidenterik izango

Gaur goizean osatu dute. Aste honen amaieran edo hurrengoaren hasieran hasiko dira egutegia zehazten. Aralarrek goizean jakinarazi du ez duela lantaldean parte hartuko, eta gaineratu du alderdiko legebiltzarkideren bat taldean badago "bere izenean" ariko dela, eta ez gehiengoaren iritzia ordezkatzen.

2012ko apirilaren 23a
17:42
Entzun

Eusko Legebiltzarreko bakerako eta elkarbizitzarako lantaldea osatu dute gaur goizean, Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidenteak gidatutako saioan. Zalantzan zegoen lantaldeak presidenterik izango ote zuen, eta, gaur Quirogak berak baieztatu duenez, ez du presidenterik izango.

EAJtik Joseba Egibarrek, PSE-EEtik Jose Antonio Pastorrek, PPtik Anton Danboreneak, Aralarretik Aintzane Ezenarrok eta Ezker Anitzatik Mikel Aranak osatu dute taldea. UPDk eta EAk ez dute parte hartu, lantaldearen aurka bozkatu baitzuten. 

Aralarrek gaur goizean argitaratutako ohar batean azaldu du alderdiak ez duela Legebiltzarreko lantaldean parte hartuko, eta Aralarreko legebiltzarkideren batek bertan parte hartzen badu "bere izenean" egingo duela jakinarazi du, "alderdi politikoaren gehiengoaren iritzia ordezkatu gabe". 

"Talde parlamentarioko kideren batek parte hartzen badu, alderditik kanpo kokatuko du bere burua berriro, martxoaren 30eko bilkuran gertatu zen bezala", gaineratu dute.

Aralarrek berretsi du martxoan lantalde hori sortzeko asmoa ezagutu zenean agertu zuen ezezko jarrera, "sentsibilitate eta indar politiko guztiek aukera berdintasunean parte hartzeko aukera baztertzen delako".

Egutegia zehaztu beharra

Bakerako lantaldeko kideek egutegia zehaztu beharko dute orain, eta gonbidatuko dituztenen zerrenda osatu. Aste honen amaieran edo hurrengo astearen hasieran zehaztuko dute egutegia.

EAJ, PSE-EE, PP, Ezker Anitza eta Aralarreko hiru legebiltzarkideren babesarekin egin zuen aurrera lantaldeak, joan den martxoaren 30ean. 

Jesus Loza elkarbizitza eta memoria sustatzeko arduradunak ETBn egindako adierazpenetan esan du alderdien artean "urteetan izandako desadostasunen" ondoren lantaldeak "zuzenekoa eta zentzuduna den elkarrizketa" ahalbidetuko duela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.