Eusko Legebiltzarrerako bozak izan arren, urriaren 21ean egingo dute Nafarroa Oinez
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egun horretan izan arren, urriaren 21ean egingo da Nafarroa Oinez. Zizur Txikiko San Fermin ikastola da aurten jaiaren antolatzailea, eta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hauteskundeak direla kontuan hartuta, aztertzen ari zen eguna aldatzea. Baina Nafarroako Ikastolen Elkartearekin batera erabaki du egunari eustea. «Teknikoki aukerarik onena da. Gainera, egun horri begirako antolaketa oso aurreratua dago: garraio, ibilbidea, baimenak... Beraz, aldaketa ez litzateke egokia», jakinarazi dute ohar bidez. Aldi berean dei egin diete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei festara agertzeko, «bateragarriak egin ditzatela bi gauzak». Egun horretan lortutako diruarekin Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eraikina egokitu nahi dute. Euskararen alde Euskalerria Irratia egiten ari den lana ere aldarrikatuko dute, eta legezkoa izateko eskatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu