EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. ALDERDIEN BALORAZIOA. Aralarrek lau aulki lortu ditu, aitzineko bozetan baino hiru gehiago

«Pertsona askez osatutako herria» eraikitzeko lan eginen dutela adierazi du pozik Aintzane Ezenarrok

jokin sagarzazu
Donostia
2009ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Aintzane Ezenarro Aralarreko lehendakarigaiak lana hitzeman du Aralarri botoa eman diotenei eskerrak emateko. «Lan egingo dugu legez kanporatze, kartzelatze, mehatxu eta erailketa gehiagorik ez egoteko». «Pertsona askez» osatutako herria eraikitzeko arituko dira Aralar bera eta lortu dituzten lau legebiltzarkideak. 2005eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan baino hiru legebiltzarkide gehiago irabazi ditu: bi Gipuzkoan, eta bana Bizkaian eta Araban.

Ezenarrok hitza hartu duenean emozioa zen nagusi Donostiako Londres Hotelean. Batzuek negar egiten zuten, eta bertze batzuek malkoak ez zituzten urrun. Ezenarro berari emozioa sumatzen ahal zitzaion hitz egitean. Hasteko eskerrak eman zizkien Aralarri bozkatu duten guztiei, kanpainan lan egin duten guztiei, baita «jakinda bide zaila zela proiektu honetan hasieratik sinetsi zuten» guztiei.

Berrogeita hamar bat lagun bildu ziren Ezenarroren ondoan emaitzen zain, Dani Maeztu eta Mikel Basabe Bizkaia eta Gipuzkoako zerrendaburuak hurren hurrenez, baina baita gaineratiko hautagaiak, eta Patxi Zabaleta alderdiko koordinatzailea eta Jon Abril koordinatzaileordea. Kanpainan bezala Abertzaleen Batasunaren babesa izan zuen Richard Irazustaren bitartez. Nafarroatik, berriz, Axun FernandezGaraialde, Nekane Perez, Txentxu Jimenez eta Patxi Telletxea parlamentariak egon ziren.

Ezenarro pozik agertu zen irribarrea eutsi ezinik. Lortutako emaitzak baikortzat jo zituen. «Gero eta gehiago gara, eta izango gara herri honek merezi duelako». EAJ eta Ibarretxe zoriondu zituen garaipenagatik, eta azpimarratu hauteskundeak erakutsi dutela «herriaren gehiengoa abertzalea» dela. «Legez kanporatzeak bitarte direla Eusko Legebiltzarrak bestelako itxura bat ematen badu ere, argi geratu da».Esaldi hori bukatzeko astirik eman gabe bertan ziren jarraitzaileak independentzia oihukatzen hasi ziren. «Gora ezker abertzale berria» eta «gora Euskal Herri berria» erranez bukatu zituen bere adierazpenak Ezenarrok.

Kanpaina hasieran jarritako helburuak gainditu ditu Aralarrek. Hura hasi baino lehen, kasu txarrenean legebiltzarkide bakarrari eusteko asmoa agertu zuen, eta kasu hoberenean hiru lortzea. Baina azkenean lau izanen dituzte. Boto kopuruaren aldetik, 2005eko bozekin alderatuz bikoiztu baino zertxobait gehiago egin dute. Guztira 62.214 jaso dituzte. Gipuzkoan lortu ditu boto gehienak Aralarrek, 31.043. Bizkaian ere nabarmen garatu da 24.586 botorekin, eta Araban ere babes adierazgarria lortu du 6.585 botorekin.

Aralarrek beste urrats bat egin duela adierazi du Zabaletak. Euskal Herria osoan Aralar indar sendoa bihurtu da, haren arabera, bai Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baina baita Iparraldean eta Nafarroan ere, Abertzaleen Batasunarekin eta Nafarroa Bairekin hurrenez hurren. Heldu den egunetan elkarlanerako prest egonen direla jakinarazi du.



BOTOAK

62.214

LEGEBILTZARKIDEAK

Araba: Mikel Basabe. Bizkaia: Dani Maeztu. Gipuzkoa: Aintzane Ezenarro, Oxel Erostarbe.



ESERLEKUAK

4

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.