1. Araba
PSE-EEk irabazi dio EAJri Araban, baina botoetan bakarrik, eserlekuetan pare gelditu baitira. Zortzina, alegia. 2005ean baino eserleku bat gehiago lortu dute sozialistek. EAJk, aldiz, EArekin batera koalizioan aurkeztuta lortutako eserleku kopuruari eustea lortu du, eta EAk ere eskuratu du ordezkari bat. PPk eserleku bat galdu du eta EB 2005ean lortutako ordezkari bakarra gabe gelditu da. UPDk eskuratu du lehenarena eta Aralarrek EBk galdutakoa.
Egoerak aldera ezinak diren arren, boto baliogabeak kontuan hartuta D3Mk EHAK-k baino 5.000 boto eta eserleku bat gutxiago eskuratuko lituzke. EAk galduko luke ordezkari hori.
2. Bizkaia
EAJk 2005eko bozetan EArekin batera ateratako eserleku kopurua gainditu du, eta 11tik 12ra pasatu da, koalizioan aurkeztuta baino 37.000 boto gutxiago lortu arren. Beraz, Bizkaian ohi denez, jeltzaleak atera dira garaile. Botoetan gora egin duten bakarrak PSE-EE eta Aralar izan dira. Sozialistek ia 24.000 boto eta bi eserleku gehiago eskuratu dituzte. PPk galdutako 33.000botoak sozialisten eta UPDren (10.800) artean banatu direla dirudi. Aralar 10.000 boto lortzetik 24.000ra iritsi da, eta eserleku bat eskuratu du. EB eta EA ordezkari gabe gelditu dira.
Boto baliogabeak 44.000 izan dira Bizkaian, 2005ean EHAK-k lortutako 65.000 botoetatik urrun samar. Dena dela, legezko izanez gero, eserleku banaketa baldintzatuko luke D3Mk. PPri kenduko lioke bat, eta EAJri bestea.
3. Gipuzkoa
PSE-EEk baino bi eserleku eta %6 boto gehiago eskuratu ditu EAJk Gipuzkoan, eta koalizioan EArekin lortutako ordezkari kopuruari eutsi dio. EAk, gainera, beste bat lortu du. Botoetan, ordea, jaitsi egin dira biak batuta. Bizkaian gertatutakoa jazo da Gipuzkoan ere: PSE-EE eta Aralar dira igo diren bakarrak. Aralarrek botoak bizkoiztu ditu eta PSE-EEk 13.000 boto gehiago eskuratu. Kopuru horri UPDrenak gehituz, PPk galdu dituen botoak ateratzen dira ia. EBk 9.000 boto galdu ditu.
Boto baliogabeak (47.803) Gipuzkoan ere ez dira iritsi EHAKren kopuruetara (70.834). Lau eserleku lortuko lituzke, ordea; EAJ, PP, PSE eta EBren kalterako.
Konstituzionalistekez dituzte 2001eko emaitzak gainditu
Indar konstituzionalistek inoiz lortu duten ordezkari kopuru handiena lortu duten arren, ez dira iritsi 2001eko emaitzetara. 95.000 herritar gutxiagok eman diete babesa. PP eta PSE-EE ziren orduan; PSE-EE, PP eta UPD, orain. Agerikoa da indar konstituzionalisten boto-emaileak ez direla gehitu, alderdi batetik bestera mugitu baizik. PPk galdutakoak PSE eta UPDra igaro dira.Autodeterminazioaren aldeko indarren botoak -boto baliogabeak barne- batuz gero, 1998tik ez da halako kopuru baxurik izan Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. EAJ, ezker abertzalea, Aralar, EA eta EBren emaitzak 2007ko foru hauteskundeetako mailan daude, gutxi gorabehera.
Batez bestekoetan blokeen arteko aldea zerbait murriztu da, baina oraindik %13 gutxiago dituzte konstituzionalistek.