Euskobarometroan "aldaketa joera bat" nabari du Podemosek

2014ko abenduaren 26a
16:49
Entzun

Euskobarometroak kaleratutako emaitzei erreferentzia eginez, Xabier Benito Bizkaiko Podemos-Ahal Dugu alderdiko bozeramaileak esan du emaitzek ez dutela alderdiaren bidea baldintzatuko, baina aitortu du agerian uzten dutela "aldaketa joera bat". "Harridura" agertu du Benitok emaitzen aurrean, baina zuhur azaldu da: "Esperientziak diosku ezin garela soilik inkestetan oinarritu, Europako bozetan inkestek parlamentari bakarra ematen baitziguten, eta bost lortu genituen".

EAJko diputatu Aitor Estebanek, berriz, esan du "goiz" dela jakiteko Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetan zer gertatuko den, nabarmenduz bi urtean "gauza asko" gerta daitezkeela. Edonola ere, Estebanentzat "ukaezina" da Podemos Espainiako nahiz Hego Euskal Herriko erakundeetan egongo dela "indar politiko bat gehiago bezala".

Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak adierazi du "logikoa" dela alderdiek botoak galtzea aurretik ez zegoen alderdi bat agertzen denean. "Herritarrak kezkatuta eta haserre daude; uste dute ordezkari publikoek arazoak konpondu behar dituztela, eta ez ika-mikan jardun".

Nerea Llanos PPko legebiltzarkidearen arabera, herritarrek duten "desengainua" islatzen du Euskobarometroak. Egoera horren aurrean, Podemos "lasaigarri" gisa agertu dela iritzi dio. UPDko Gorka Maneiroren ustetan, inkestak "lurrikara politiko bat" iragartzen du, eta herritarren haserreak "aldaketa sakon bati" ireki dio atea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.